22:15ean
'La Casa de Mi Padre' telesaila hasiko da, gaur gauean, ETB2n
A.E.|EiTB
Jabi Elortegik zuzenduta, Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Felix Arkarazo, Kandido Uranga eta Olatz Beobide dira, besteak beste, protagonistak.
'La Casa de Mi Padre' telesaila hasiko da ETB2n gaur gauean (uztailak 9), 22:15ean. Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoiztutako fikziozko apustu honek 50. hamarkadako euskal gizartea du oinarri.
'La Casa de Mi Padre' euskal itsasertzeko herri batean dago girotuta, 1950. urte inguruan. Bertako herritarrek bat egin eta garai hartako baldintza gogorretan bizitzen asmatu beharko dute. Nahiz eta telesailaren helburu nagusia ez izan orduko gertaerak zehatz mehatz kontatzea, garaiko hainbat pasadizo islatuko ditu.
Jabi Elortegi da ekoizpenaren zuzendaria. Aurretik, 'Go!azen' eta 'Goenkale' telesailak eta Zorion perfektua filma zuzendu ditu durangarrak. Aktoreen artean, berriz, Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Felix Arkarazo, Miren Gaztañaga, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, Olatz Beobide, Anartz Zuazua eta Iñaki Beraetxe daude, besteak beste.
Lantalde hau osatzen du, gainera, Gaizka Bourgeaudek, Arriya, Bertsolari eta 'Sin Tetas No Hay Paraíso'ren argazki zuzendariak. Aipagarria baita ere makillajearen arloan Karmele Solerren parte hartzea. Euskal Telebistako ohiko makillatzaileak curriculum bikaina eta oparoa dauka eta, Donostia Zinemaldian eman zioten Zinemira sariaz gainera, Goya saria jaso zuen 2012. urtean Pedro Almodovarren La piel que habito filmagatik.
Telesaileko soinu banda Fernando Velazquez konpositore bilbotarrak sortu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu du. Musikagile bilbotarrak lan arrakastatsuen soinu bandak sortu ditu, tartean, Lo Imposible (International Film Music Critics Award sariaren irabazlea), Ocho apellidos vascos, Hércules eta Mamá filmeenak.
15 atal dituen ekoizpena dekoratu naturaletan grabatu da oso-osorik: Zestoako Arozena hotelean, Hondarribiko Alde Zaharreko kaleetan, Legazpiko Lenbur Fundazioan eta Donostian batik bat, baita Deban, Pasai Donibanen eta Oiartzunen.
Trama
50. hamarkada oso gogorra izan zen Euskadiko jende gehienarentzat eta baita Zelaiatarrentzat ere, gure telesaileko familiarentzat. Hotel bikain baten jabe dira, baina une zailak biziko dituzte gerra ondoren turismoak izan duen beherakadaren ondorioz. Gainera, gerran galtzaile izan den bandoaren alde agertu izanak ez die asko lagunduko.
Horien parean, Luis Egañak txanponaren beste aldea erakutsiko du. Herriko fabrikako bazkidea da eta, gainera, alkatea. Beraz, ezerk ez dio ihes egiten bere aginte-makilari. Edo bai. Ezusteko gertaera batek bi familien bizimodua astinduko baitu: Irene Egaña eta Martin Zelaia gazteak maitemindu egingo dira eta ahalegin guztiak egingo dituzte beren harremani eusteko. Bikoteak ez daki, ordea, Luis Egañaren (Ireneren aita) eta Jabier Zelaiaren (Martinen aitona) arteko harremana uste duten baino askoz korapilatsuagoa dela. Eta beren sentimenduak oztopo guztien gainetik daudela pentsatzen badute ere, laster jabetuko dira ez dela erraza iraganaren atzaparretatik ihes egitea.
Baina ez da hori izango Luis Egañaren buruhauste bakarra. 50. hamarkadan sortu ziren Francoren diktaduraren aurkako lehen mugimenduak, eta telesailean horien ibilbidea ikusiko da. Nola hasieran langileak lan eskubide duinen alde borrokatzeko hasi ziren biltzen eta gero Erregimenaren kontra egiteko. Bide honetan, Luisen fabrikako langile talde bat, tartean bi Zelaiatar, boterearen aurkako ekintzak antolatzeko prest azalduko da.
Lehen atalaren sinopsia: Irenek eta Martinek elkarrekin egingo dute topo
Irene Egaña eta Martin Celaya 'La Casa del Padre' telesaileko protagonistak elkarrekin topo egiten ikusiko ditugu lehen atalean
1956. urtean, Echeguira jende garrantzitsua etorriko da bisitan. Herri osoa aztoratuta dabil, eta Celaya hotelean ere ia dena prest dute etorriko diren bisitariei behar bezalako harrera egiteko. Gogoz kontra ari dira, baina ezin diote aginduari uko egin.
Ekitaldien erdian, Martin Celayak eta Irene Egañak tupust egingo dute elkarrekin. Aspaldian ez dute elkar ikusi, eta lehendabiziko unetik zerbait piztu da bien artean.
Martin Javier Celayaren biloba da, hoteleko familiako kide gazteetako bat. Irene, aldiz, Luis Egaña herriko alkatearen alaba da. Bi familiak erabat kontrajarriak dira, etsaiak direla ez esatearren. Ireneri eta Martini ezin zaie burutik pasatu ere egin lagunak izatea, eta are gutxiago maitasun harreman bat hastea.
50eko hamarkadan, gurasoek esandakoa onartu behar izaten zuten gazteek, esandako hori zalantzan jarri gabe. Emakumea izanez gero, oraindik eta garrantzitsuagoa zen esanekoa izatea; gizarteak oso gogor hartzen zituen hala egiten ez zutenak. Beraz, Martinen eta Ireneren maitasunak une gogorrak biziko ditu, baldin eta harremanari eustea erabakitzen badute.