Aurrerapena
Ekuadorko oihanera helduko da, gaur gauean, 'Objetivo Chimborazo'
EITB
EITB
Aste honetan, bi lehiakide kanporatuko dituzte, eta 'chontacuro' izeneko jaki berezi bat jan beharko dute proba nagusian.
Ekuadorko Amazonian lur hartuko du aste honetan 'Objetivo Chimborazo' saioak, eta Kitchwa tribuarekin partekatuko duten Lurraren Mundua estreinatuko dute lehiakideek. Ekuadorko zonalde hau parte-hartzaileen etorkizuna bezain ezezaguna eta erakargarria da. Izan ere, aste honetan, espero ez duten kanporatze proba bat izango da.
Bitartean, Chimborazoko hegalean daude itxuraz kanporatutako David eta Irene. Bertan, Marcos Chimborazoko zaindariarekin batera, zonaldeko herritarren bizitza partekatzen ari dira. Zaindariaren aterpean erbesteratutako lehiakideek probetan eta eguneroko lanetan lagundu beharko dute euren taldeari irabazten laguntzeko.
Aste honetako proba nagusirako koordinazioa ezinbestekoa izango da. Erronka berriari aurre egiteko, euren aurkariekin orpoz orpo arituko dira. Bi talde sortuko dira (Aragoi eta Andaluzia, batetik, eta Euskal Herria eta Gaztela-Mantxa, bestetik), eta 'chontacuro' izeneko jaki berezi bat jan beharko dute, baina hori lortzeko, aurretik izandako liskarrak ahaztu beharko dituzte.
Irantzu, Aitziber, Egoitz eta Jorge unerik onenean helduko dira Amazoniara. Proba nagusia irabazi dute azken bi asteetan, eta boladari eusten saiatuko dira. Oraingoan Santirekin eta Joseterekin bat egin beharko dute, baina hori oztopo bat dela uste dute. Oker egongo ote dira?
'Objetivo Chimborazo'ren seigarren atala gaur gauean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en. Atal guztiak, gainera, EiTB Nahieran daude ikusgai.