'Objetivo Chimborazo'
Chimborazora heltzeko azken aukera, gaur gaueko atalean
eitb.eus
Gaur emango den atalean, lehiakideek izotzaren mundua ezagutzeko aukera izango dute, eta 'Objetivo Chimborazo' saioko zortzi finalistak ezagutzera emango dira.
Euskal Telebistako 'Objetivo Chimborazo' saioak Amazoniaren munduari agur esango dio gaur gaueko atalean, eta abenturako azken mundura helduko da: izotz artera. Zoritxarrez, lehiakide guztiek ez dute aukera hori izango, bik agur esango baitiote saioari azken proban. Beste zortziak, beraz, finalista bihurtuko dira.
Lehiakideek Ekuardoko Armadako Iwia elitezko talde bereziko kideekin pasatu beharko dute astea. Indigenaz osaturiko talde hau bere diziplina zorrotzagatik da ezaguna. Hasieran, lehiakide guztiek ez dute ondo hartuko kanpamendu militar batean bizi behar izatea, baina onartu egin beharko dute talde horrek zehaztuko baititu proba handiaren jarraibideak. 'Oihango deabru' hauen paperean sartu, eta proba militar bat gainditu beharko dute.
Beste behin ere, lehiakideak galdu gabe heldu dira Iwien zonaldera, baina baten batek zapore gazi-gozoarekin esan dio agur abenturari. Irantzu eta Jorge bikotekideak ez dira ondo konpontzen, Jorgek pazientzia galduko du Irantzurekin, eta hori inflexio-puntua izango da bien arteko harremanean. Egoitz eta Aitziber, berriz, probaren oztopoak gainditzeko borrokatuko dira, baina aurrera egiteko arazoak izango dituzte, lehen aldiz.
Hurrengo proba kanporatze proba izango da, eta kanporatuak final handitik gertu geratuko dira, edo hori uste dute behintzat. Bitartean, lehiakideek euren kide ohiei itxarongo diete aterpean, finalean bakarrik ez daudela esateko prest.