00:30ean
'Democracia silenciada' dokumentala, gaur gauean, 'Europa Transit'en
A.H. | EITB
Dokumentalak bere herrialdean adierazpen askatasun urria salatzen duten errusiarrak hartuko ditu hizpide.
Errusiako adierazpen askatasunaren inguruko Democracia silenciada dokumentala eskainiko dute gaur, 00:30etik aurrera, ETB2k eta eitb.eus-ek, 'Europa Transit' DSS2016 proiektuaren baitan.
Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundearen arabera, prentsa-askatasunari dagokionez, 180 herrialdeko zerrendan, 148. postuan dago Errusia. Hala ere, biztanleen % 11k bakarrik onartu dute ez dagoela pozik herrialdeko adierazpen-askatasunaren mailarekin.
Demokrazia isildua dokumentalak egoera hori salatzera ausartu diren errusiar gutxi horien ahotsak biltzen ditu. Pozik ez egoteaz gain, pentsatzen dutena esatearen ondorioak pairatu dituzte herritar hauek. Horietako asko kartzelan egon dira eta beste batzuek kideak hiltzen ikusi dituzte.
Lan honetan, giza eskubideen aldeko aktibista, abokatu, artista eta oposizioko politikari batzuek herrialdeko pentsamolde konplexua eta Gobernuak edozein ahots disidente isiltzeko erabiltzen dituen metodoak deskribatzen dituzte.
Erresistentzia urri hori borrokan ari den bitartean, Vladimir Putinen onarpen-maila % 82ra igo da.
Demokracia silenciada gaur izango da ikusgai, 00:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.
p>