Gaur
Berrikuntzak EiTBren hauteskunde gauean
A.E.|EiTB
19:15etik aurrera hasiko dira saio bereziak EiTBn, eta 20:00etan 'EiTB 24/25' Inkestaren emaitzak emango dira ezagutzera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaurko hauteskunde autonomikoak bizi-bizi eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EiTBk hainbat berrikuntza nabarmenekin. Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez egunean zehar berri emateaz gainera, 19:15etik aurrera saio bereziak hasiko dira. Halaber, albistegi zerbitzuek Gizakerrek egindako EiTB 24/25 inkestaren emaitzak emango dituzte ezagutzera. Lehen aldiz, asteburuan eta telefono bidez egindako inkestaren datuak bilduko ditu EiTBren hauteskunde gaueko galdeketak.
ETBk, gainera, hauteskunde gauerako plato zabal bat eraiki du Bilboko albistegien erredakzioaren erdian, eta bertan egingo dute ETB2ko saio berezia.
Estibaliz Ruiz de Azua, Africa Baeta eta Xabier Lapitz izango dira ETBko gaztelaniazko saioaren gidariak 19:15ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordua eskainiko dituzte.
ETB2ko saioan, gainera, Alfredo Retortillo, Jon Urresti, Felix Arrieta eta Braulio Gomez adituek emaitzak aztertuko dituzte. Alderdi politikoen egoitzetan, Lehendakaritzan eta hautesleku batean ere egongo dira zuzenean. Horrez gain, Galizarekin egingo dute bat bertako hauteskunde eguneraren nondik norakoak kontatzeko.
20:00etan, 'EiTB 24/25' Gizakerrek egindako inkestaren emaitzak ezagutzera emango dira. Hauteslekuetan egindako galdeketaren ordez, asteburuan telefono bidez egin zaizkie inkesta hauek 2.400 laguni.
Lehen emaitza ofizialak 21:00etarako egongo direla espero da Lehendakaritzatik.
Platoan politikarien mahaia ere izango da, irailaren 25eko emaitzen ondorengo mapa politikoaz eta balizko itunez hausnarketa egitekoe. Honako hauek eseriko dira mahaiaren bueltan: Jokin Bildarratz (EAJ/ PNV), Jon Iñarritu (EH Bildu), Enrique Ramos (PSE-EE), Cristina Ruiz (PP), Rosa Martinez (Elkarrekin Podemos) eta Alberto Carril (Ciudadanos).
Bestalde, ETB1en Amaia Cayerok, Xabier Usabiagak eta Iban Garatek gidatuko dute programa berezia 19:30etik aurrera. Eurekin batera, Asier Blas, Eider Alkorta eta Pilar Kaltzada adituak egongo dira.
Politikarien mahaian, berriz, Joseba Agirretxea (EAJ/PNV), Arkaitz Fullaondo (EH Bildu), Andoni Unzalu (PSE-EE), Xabier Olabarrieta (PP) eta Juantxo Iturria (Elkarrekin Podemos) izango dituzte.
Radio Euskadi eta Euskadi Irratia
EiTBko irratiek ere hauteskunde gaua zuzen-zuzenean biziko dute. Emaitzak berehala eskaintzeaz gain, hausnarketa bilduko dute irratsaio berezi hauetan.
Euskadi Irratian, 19:45etik aurrera, adi-adi jarraituko diote EiTB 24/25 Inkesta eta emaitzei, alderdien erreakzioak jasoz. Oihane Yustos izango da saioaren gidari eta arduradun. Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusien egoitzetan eta Lehendakaritzan dauden kazetariekin bat egingo du berak. Eta datuen inguruko hausnarketa, Joseba Arruti, Mikel Aramendi, Josu Amezaga eta Ramon Etxezarreta kolaboratzaileek egingo dute.
Radio Euskadik, Dani Alvarezek gidatuta 19:55ean hasiko den irratsaio berezia eskainiko du. EiTBko inkestaren emaitzekin ekingo diote eta ondoren, etengabean sortuko diren berri eta emaitzak bilduko dituzte. Irratsaio berezian parte hartuko dute Juanjo Alvarezek, Patxi Zabaletak, Chelo Apariciok eta Garbiñe Biurrunek. Zuzeneko konexioak izango dira alderdi politikoen egoitzetatik eta Lehendakaritzatik.
eitb.eus-en emaitzak herriz herri
eitb.eus-ek boto zenbaketa denbora errealean eskainiko du. Emaitzak orokorrean, lurraldeka eta herriz herri kontsultatu ahal izango dira.
Horrekin guztiarekin batera, egunean zehar eta hauteskunde gauean gertatuko den guztia jasoko dute bideo, audio, argazki eta idatzitako informazioen bidez. Zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB1eko eta ETB2ko saio bereziak, baita Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako irratsaioak ere.
Sakeleko telefono, tableta eta ordenagailuetatik ere eduki hauek guztiak eskuragai izango dira. Horrez gain, 'responsive' bertsioaz gainera (edozein gailutik egoki ikusteko dieseinatutako bertsioa), zuzeneko lotura eskainiko da web berezira EiTBko app-aren bidez.
Eduki gehiago eta pertsonalizatuak ETBn
ETBk sarean konektatuta dauden telebisten bidez eduki aberatsagoak jasotzeko "Made in Euskadi" teknologia erabiliko du hauteskunde gauean. Vicomtech-IK4 euskal zentro teknologikoak eskainitako euskarriari esker, telebistan jarraitu ahal izango da hiri edo herrien botoen zenbaketa, zuzenean, telebistan ikusten ez diren kameren irudiak ikusi eta telebistari sakelako telefono, tableta eta ordenagailu bat erantsi ahal izango zaio.
EiTBk hauteskunde hauetan erabiliko duen berrikuntza teknologikorik nabarmenena Sarean konektatuta dauden eta HBBTV protokoloa erabiltzen duten telebisten bitartez eduki aberatsagoak jasotzeko aukera izango da. Telebista horietan eduki gehiago ikusi ahal izango dira, eta urrutiko aginduaz antolatu edo telebistari sakelako telefono, tablet eta ordenagailu bat erantsi ahal izango zaizkio, eta pantaila bakoitzean eduki ezberdinak izateko aukera eskainiko du.