Itxi

22:30ean, ETB2n

Juan Martín Guevara 'Che'ren anaiarekin hasiko da gaur 'Origen' saioa

A.E. | EiTB

Leer en Castellano

Euren sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako kideak hartuko ditu protagonista Olga Zabalgogeaskoak gidatzen duen saioak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juan Martin Guevara, 'Che' Guevara komandantearen anaia txikia, izango du gonbidatu 'Origen' saioak bere estreinaldian. 22:30ean hasiko da, gaur, ETB2n Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuko duen saioa. 'Todos Los Apellidos Vascos' saio arrakastatsuaren bideari jarraitzen dio 'Origen' saioak, sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako kideak izango baitira bertan protagonista.

'Origen' saioak gonbidatuei euren arbasoen inguruan zenbat dakiten eta euren erroak noraino iker daitezkeen erakutsiko die. Gaur egun Euskadin dituzten ahaideekin topatzeko aukera ere eskainiko zaie.

Juan Martin Guevararen ostean, 'Origen' saioaren bigarren atalean, Eduardo Strauch Urioste hartuko dute, Andeetako hegazkin istripuan bizirik atera zenetako bat. Arkitektoa da lanbidez Strauch Urioste, eta bere euskal sustraiak ezagutu nahi zituelako animatu zen etortzera. "Garrantzi handia ematen diogu familiari, eta hori oso euskalduna da", esan du.

Guillermo Amuchastegi Ondarroako zestalari handiaren biloba da. Mexikotik etorriko da 'Origen' saioan parte hartu eta bere aitonak atzean utzi zuen familiaren arrastoa jarraitzera.

Marian D'Orazio ikus-entzunezko lanen ekoizlea ere izango dute saioan. Antonia Esnaola Dorronsorok Buenos Airesera emigratu zuen birramonaren historia ezagutzeko aukera izango du. Horrez gain, Maria Pilar Gurtubay Norvegiatik bakailaoa ekarrita ospe handia lortu zuen Simon Gurtubayren ondorengoaren familiako kontuak ere azalduko dituzte saioan.

Azkenik, German Martitegui sukaldari ospetsua ekarriko du 'Origen'ek Argentinatik. Horren jatetxea Argentinako jatetxe onenen artean lehen postuan dago, eta Latinoamerikako zerrendan zazpigarren. Martiteguik arbaso euskaldunak ditu, bai aitarenak bai amarenak.

Juan Martin Guevara

Juan Martin Guevara Kordoban jaio zen 1943an, Ernesto ('Che') anaia zaharrena baino 15 urte geroago. Hura bezala, 1950eko hamarkadaren amaieran, Sozialismoaren aldeko Fronte Antiinperialistako kide egin zen. 1975 eta 1983 bitartean, preso politiko gisa egon zen Argentinako hainbat kartzelatan, eta 1976ko martxoaren 24ko estatu kolpearen ondoren, horren baldintzek okerrera egin zuten.

Gaur egun, Por Las Huellas del Che gobernuz kanpoko erakundea zuzentzen du Juan Martinek. 1967an Boliviako La Higueran hil zuten 'Che' Guevara anaiaren figura eta pentsamendua zabaltzen ahalegintzen dira bertan.

Juan Martin Argentinatik etorriko da bere arbaso euskaldunak ezagutzera. Bidaia hori berak espero zuenaren neurrikoa izango ote da? Baietz esan daiteke, historiaz eta esperientziaz beteta itzuliko baita bere herrira.

Orain badaki nolakoak diren bere familiaren sorterriko herriak, bat baino gehiago baitira herri horiek. Bai aitaren bai amaren aldetik, arbaso euskaldunak ditu. Bere arbasorik zaharrena zein etxetatik irten zen eta Amerikara iritsi zenean indigenek akabatu zutela jakingo du. Nola hartuko ote du berri hori?

Ondasun ikaragarriak pilatu zituen familia bateko kide dela eta berea erreboltari eta iraultzaile leinua dela ere jakingo du. Juan Martin Guevarak eta itsasoz bestaldeko familiak badauka orain nor bisitatu Euskal Herrian: familia berri bat du, eta hainbat baserritan lo egiten gelditzeko aukera. Haatik, zer sentituko du hemengo familia berriak? Ilusioz edo mesfidantzaz hartuko al du 'Che'ren ahaide izatea jakitea?

Juan Martinek aitaz, amaz eta bere anai-arrebez hitz egingo du. 'Ernestito'rekin bizitako haurtzaroaz eta nerabezaroaz mintzatuko da. Gainera, bideo bat ekarriko du opari, orain arte ikusi gabeko irudiekin.

beko irudiekin.

Bideoak (1)