22:30ean
'Cuerpos de Élite' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n
A.H. | EiTB
Umore ona lagun, eta aditu talde baten aholkuei jarraituz, bost parte-hartzaileek hamar astetan ohitura osasuntsuak lortzea izango da reality berriaren helburua.
ETB2k eta eitb.eus-ek 'Cuerpos de Élite' saio berria estreinatuko dute gar gauean, Andoni Agirregomezkortak aurkeztuta. Bertan parte hartuko duten bost lagunek ohitura osasuntsuak lortzea izango da reality honen helburua, norbere mugak gainditzeko gai direla erakutsiz. Saioa Pausokak eta ETBk ekoitzi dute, Eroski Fundazioaren babesarekin.
Hamar asteko epea izango dute bost partaideek jateko eta bizitzeko ohitura osasuntsuak bereganatu eta pisua galtzeko. Horretarako, lau adituren laguntza izango dute: Marcos Franco medikua, Gabriela Uriarte nutrizionista, Arkaitz Castañeda prestatzaile fisikoa eta Marc Ruiz psikologoa. Umore ona izango dute bidelagun.
Euskal Telebistak asteazken honetan aurkeztu du saio berria, eta hauek egon dira prentsaurrekoan: Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Alejandro Martinez Eroski Fundazioko zuzendari nagusia, Javier Garcia de Vicuña saioaren zuzendaria, Andoni Agirregomezkorta aurkezlea eta realityko parte-hartzaileak eta adituak.
Partaideak
Roberto Lopategi, Elena Alonso, Iraide Cano Santamaria, Jose Antonio Arevalo eta Maria Rodriguez dira realityaren bost partaideak. Pisuzko arrazoiak dituzte guztiek euren bizimodua goitik behera aldatzeko. Osasuna hobetu eta soberan dituzten kiloak kentzeko helburuarekin datoz, eta adituen taldearen aholkuak oso kontuan izango dituzte erronka horretan.
Roberto Lopategik 51 urte bete berri ditu, eta inoiz ez du gehiegizko pisurik izan, orain arte. Egun 100 kilotik gora ditu, bere eguneroko bizitzan ohikoa baita lagunen txokoetara, jatetxeetara eta ostegunetako pintxo-potera joatea. "Bi gauzak ditut gogoko: sukaldean aritzea eta jatea. Hori da nire galbidea. Pintxo-potea debekatuta egon beharko litzateke", esan du. Janariarekin duen harremanari dagokionez, "dena gustatzen zait, bai gizentzen duten jakiak baita gizentzen ez dutenak ere".
Elena Alonso jubilatuta dagoen emakume gipuzkoarra da, eta pertsona baikor eta ausart bezala hartzen du bere burua. "Jubilatu ostean, kalera irten eta gimnasia egiteko gogoa kendu zitzaidan". Bere alabek animatu zuten programara etortzera, pisua jaisteko asmoz, ez baitu bizitzako ordu bat gehiago ere galdu nahi.
Iraide Cano Santamaria oso kirolaria izan zen gaztetan; atletismoa eta surfa egin zituen, eta Bizkaiko txapelduna izan zen igeriketan. Haurdunaldien ostean, 40 kilo hartu zituen. "Nire buruarekin zoriontsu naizen arren, badakit nire ohiturak aldatu behar ditudala", aitortu du.
Jose Antonio Arevalok 34 urte eta lau seme-alaba ditu, laukiak. Osasun arrazoiek bultzatuta argaldu nahi du: "Nire seme-alabekin gauza normalak egiteko gai izan nahiko nuke: mendira joan, bizikletan ibili". Urte askotan gauez egin du lan, eta, ondorioz, eguneroko ohiturak aldatuta ditu: "Gauza txar guztiak ondo egiten ditut".
Marina Rodriguez albaitari laguntzaile izateko ikasten ari da. Duela bi urte egin zuen dieta baten ondorioz 27 kilo galdu zituen, baina laster berreskuratu zituen. Bere galbidea pasta jatea dela aitortzen du, jaten duenaren kontrola galtzen duelako. Nahiz eta handia eta kurbaduna izatea gogoko duen, 25-30 kilo bitartean argaltzea gustatuko litzaioke.
Lehen saioa
'Cuerpos de Élite' Pausokak eta ETBk Eroskiren babesarekin egindako realitya astelehenero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Lehen saioan, bost partaideak Marcos Franco medikuaren bulegotik pasatuko dira, neurtu, pisatu eta odol analisiak egitera. Emaitzen arabera, partaide bakoitzari helburu batzuk jarriko dizkio.
Medikuarekin egon ondoren, beste adituen bisita jasoko dute partaideek. Gabriela Uriarte elikaduran adituak dieta berezi bat jarriko die eta zein ohitura txar dituzten esango die. Arkaitz Castañeda entrenatzaile pertsonalak bakoitzari egokitutako ariketa fisikoak ezarriko dizkie, eta Marc Ruiz psikologoa bakoitzak gehiegi jateko dituen arrazoiak aztertzen ahaleginduko da.
Horrez gain, oso datu bitxiak emango ditu saioak ezagutzera. Adibidez, zein edarik duen kaloria gehien jakingo dute: garagardoak ala ardoak, gin tonic batek ala kubata batek. Gainera, gehien asetzen duten hamar mokatuen rankinga egin, egunero jan beharreko azukre kantitatea zein den argitu eta gerri-inguruko koipea jaisteko ariketa fisiko egokienak zein diren erakutsiko dute.
rakutsiko dute.