22:00etan
'Herri Txiki, Infernu Handi'k Leitzan abiatuko du gaur denboraldia
A.E.|EiTB
Gaurtik aurrera, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik hainbat herritarrekin topo egingo dute, eta aurreko denboraldietan bezala, herriari buruzko hainbat berezitasun ezagutzera emango dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur, urriak 30, hasiko da 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren denboraldi berria, ETB1en. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Leitzan ekingo diote saioaren bolada berriari. Nafarroako herritxo honetako hainbat herritarrekin topo egin, eta aurreko denboraldietan bezala, herriari buruzko hainbat berezitasun ezagutzera emango dituzte herritarren bitartez. Orain arte bezala, elkarrizketak egin eta herria ezagutu ostean, Zuhaitzek eta Pagadik bakarrizketa egingo dute herritarren aurrean, bizitako esperientziaz. Ohi bezala, Sebastian Lizaso bertsolariak herriaren nortasunari eta berezitasunei buruzko bertsoak abestuko ditu.
Bolada honetako zortzi programa hauetan, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako herrietan barrena ibiliko dira Pagadi eta Zuhaitz: Leitzan, Ispasterren, Aiaran, Abaltzisketan, Bidania-Goiatzen, Orozkon, Erroibarren eta Berrobin. Ahalegin berezia egin dute euskararen presentzia hain handia ez den herri txikietara iristeko, eta hala, Arabako Aiara udalerrian eta Nafarroako Erroibar udalerrian egon dira. Herri hauek, gainera, hainbat herri txiki edo kontzejuz osatutako herriak dira, eta, beraz, izaera berezia eman diote saioari. Azpimarragarria da, herri txiki hauetan euskarari eusteko eta aberasteko herritarrek egiten duten ahalegina.
Bolada honetan bisitatuko duten herririk handiena Orozko izango da, 2.633 biztanlerekin, eta txikiena, berriz, Abaltzisketa, 319 biztanlerekin.
Leitzan barrena, Zuhaitz eta Pagadirekin
Igande honetan, Zuhaitzek Zabaleta abizena duten hainbat leitzarrekin topo egingo du, eta pistari jarraituz, Leitzan bizi eta Zabaleta abizena duten herritar kopurua ikertzen saiatuko da. Herriko garbitzaileak Leitzako kalerik luzeena erakutsiko dio, kale luzea zein aldrebestua. Menditik dabilela, irrintzi eder bat entzun eta haren oihartzunari jarraituko dio. Udaletxeko arkupetan, akrobazia zail zein xelebre samar batzuk egiten dabilen mutil laukote bat aurkitu eta zertan dabiltzan deskubritzen saiatuko da.
Pagadik Leitzako iturrietako uraren boterea zenbaterainokoa den ikertuko du saioan zehar. Herrian zehar dabilela, entrenatzen dabilen eta Done Jakue bidea makina bat aldiz egin duen leitzar batekin egingo du topo. Ondoren, afizio bezala, aizkoren kirtenak etxe azpiko tailertxoan egiten dituen gizon jator batekin solas egingo da. Leitzako inauteriak famatuak izanik, hainbat pertsonaiek buruan eramaten dituzten Atsauren sonbreroak izeneko kapela ikusgarriak egiten dituen gizona ezagutuko du Pagadik, eta haren etxera igoko da sonbreroak gertutik ikusteko. 80 urte izan arren, aizkorarekin ezin hobeto moldatzen den emakume jator eta indartsu bat ezagutuko du Pagadik, eta harekin joango da enbor lodi bat aizkorarekin moztera. Egun osoan zehar Leitzako iturriko ura edaten egon ondoren, 400 kiloko harritzarra mugitzea lortuko ote du Pagadik?
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en.
TB1en.