Larunbat honetan
'Sautrela'ren denboraldi berria, gaur, Beñat Sarasolaren eskutik
A.E.|EiTB
Karlos Linazasoro izango dute gonbidatu, eta erreportajean, telesailen eta literaturaren arteko harremana aztertuko dute.
'Sautrela' saioak denboraldi berriari ekingo dio gaur, Beñat Sarasolak aurkeztuta. Hasier Etxeberriak osasun arazoengatik bajan dagoelako ezin izango du saioa gidatu. Hori izango da denboraldiko aldaketa nagusia. Gainontzean, saioaren protagonistak, ohiko legez, letrak eta literatura izango dira.
Denboraldiko lehenengo saioan, dagoeneko 449.enean, Karlos Linazasoro izango dute gonbidatu nagusi. Trilogia hiperlaburra izeneko liburu berria argitaratu du eta hari buruz mintzatuko dira. Linazasoro ez da medioetan gehiegi agertu zalea, eta beraz, balio erantsia izango du elkarrizketak, aspaldi baita 'Sautrela'ra etorri ez dela. Trilogia hiperlaburra mikroipuinez osaturiko liburua dugu, autorearen ohiko ironia eta umorez –zenbaitetan beltza– bustirik datozenak. Generoaren zaleek ziur gozamenez hartuko dituztela. Hor irakurriko ditugu istorio harrigarri eta ezinezkoak, aldian irribarrez irakurtzekoak, aldian sentimendu hits batez, gizakion makurkeria eta baldarkeriek ere lekua baitu liburuan.
Erreportajean, literaturaren esparrutik pixka bat aldenduko dira, telesailei arreta ipintzeko. Azken urteotan boladan dagoen ikus-entzunezko generoa dugu telesailena, eta erakutsiko dute ea ze harreman duen literaturarekin. Telesailetako gidoilariak idazleak ote dira? Zenbat literatura dago The Wire, The Sopranos eta enparauetan?
Juan Luis Zabala ere etorriko da astero bere liburu kutunen bat gomendatzera, eta aurten Bitoriano Gandiagaren liburu berezienetako batekin etorriko da. Denbora galdu alde 1985ean eman zuen argitara eta Zabalak azalduko du ze ezaugarri nagusi dituen liburuak eta ze leku duen Gandiagaren obra osoaren barnean.
Hau guztia, ohiko legez, gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
>