Itxi

ETB2n

Asunta kasua aztergai, 22:15ean, 'El Lector de Huesos' saioan

A.H. | EITB

Leer en Castellano

Dani Alvarezek eta Paco Etxeberriak Asunta Basterra haurraren bizitzarekin amaitu zuen krimen izugarria berreraikiko dute.

Paco Etxeberria auzitegi medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azkeneko urteetako krimenik misteriotsu eta bortitzena berreraikiko dute, gaur, 'El Lector de Huesos' saioan: Asunta kasua.

2013ko irailaren 22an, A Coruñako Teo herriko mendi bide batean, Asunta Basterra 12 urteko neskatoaren gorpua aurkitu zuten. Justiziaren ikuspegitik, Asuntaren gurasoak, Alfonso Basterra kazetari euskalduna eta Rosario Porto, izan ziren hilketaren errudunak.

Nahiz eta kasua itxita egon, Asuntaren hilketak eta autopsiak hainbat galdera utzi dituzte erantzunik gabe. Zergatik erabaki zuten Asuntaren gurasoek haien alabaren bizitzarekin amaitzea? Haurraren gorpua arinegi erraustu al zuten?

Paco Etxeberria auzitegi medikuak teoria propioak ditu kasuaren inguruan, eta Dani Alvarezek haren iritziak egiaztatuko ditu gertakariaren protagonista ezberdinekin.

Honela, bada, Galiziara joango da Jose Antonio Vazquez Tain kasuaren epailea elkarrizketatzera. Epaileak kasuaren datu guztiak emango dizkio.

El Correo Galego egunkariaren erredakzioa ere bisitatuko du, bertan lan egin baitzuen Alfonso Basterra kazetariak. Jose Antonio Perez zuzendariorde eta Basterraren lankide ohiarekin hitz egingo du. Rosario Portorekin ezkondu ostean, Basterraren maila sozialaren igoeraren lekuko izan zen, eta Asuntaren hilketaren ondoren, berarekin harremanetan egon zen berriro ere.

Bestalde, Pacok eta Danik ikerketaren alde ilunenak azalduko dituzte, besteak beste, Asuntaren gorpuaren ondoan agertu ziren soka laranjak aztertuko dituzte. Zergatik ez zuten Asuntaren DNAren arrastorik topatu soka horietan? Genetista baten laguntzarekin, DNA aztarnak bilatzeko prozedurak ikasiko dituzte.

Bestalde, autopsiak agerian utzi zuen neskatoari lasaigarriak eman zizkiotela, ez bakarrik hil zuten egunean, baita aurreko hilabeteetan ere. Laborategian, aditu batek giza ile baten ikerketarekin pertsona horrek hartu dituen psicofarmakoak aztertu daitezkeela azalduko du.

Amaitzeko, ospitale birtual batean, panpina monitorizatu batekin, Asuntaren hilketaren baldintzak berreraikiko ditu Pacok. Bere amak eragindako asfixia baten ondorioz hil al zen Asunta?

'El Lector de Huesos' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.