Itxi

22:30ean

'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren final handia, gaur gauean

Leer en Castellano

Hiru finalista euskaldunak eta hiru finalista andaluziarrak buruz buru arituko dira Zestoan egingo duten final handian.

Hamar asteko ibilbidearen ostean, badator 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren bigarren edizioko final handia. 12 lehiakiderekin hasi zen programa, Setenil de las Bodegas Cadizko udalerrian egon ziren 6 lagun euskaldunekin eta Zestoan egon ziren 6 partaide andaluziarrekin, hain zuzen. Lehen edizioan ez bezala, Setenil euskalduntzea izan dute oraingoan helburu parte-hartzaile euskaldunek, eta Zestoa "andaluziartzea", berriz, andaluziarrek. Horretarako, beren ohitura eta usadioak erakutsi behar izan dizkiete harrera egin dien herriko biztanleei.

Gaur gaueko atalean, lehen aldiz elkartuko dira talde bakoitzeko hiru finalistak, eta buruz buru arituko dira final handian. Euskal taldeko hiru partaideak izango dira Adrian Arsuaga (Donostia), Amaia Alboniga (Bermeo) eta Iker Barato (Atxondo). Azken hau izan zen finalean Andaluziako euskal enbaxadorearen txapela lortu zuen lehiakidea.

Andaluziarren artean, Malagako hiru partaideak izango dira final handian: Esther Gomez Heredia, Pedro Peña (lehen edizioko irabazlea) eta Adriana Gomez. Azken honek lortu zuen Euskadiko andaluziar enbaxadore izendatzen zuen abanikoa.

Reyes Prados izango da final handian, eta bera izango da aurkezlea. Hiru proba egingo dituzte, eta talde bakoitzeko lehiakide bat kanporatuko dituzte bakoitzean, azken proban irabazle bakarra atera arte.

Lehen proban, sukaldaritzan duten trebezia erakutsiko dute. Andaluziarrek legatza saltsa berdean prestatuko dute; euskaldunek, aldiz, Kordobako salmorejoa. Bost kidez osatutako epaimahai batek dastatuko ditu jakiak, eta talde bakoitzean puntu gutxien dituen laguna kanpoan geratuko da.

Bigarren proban, dantzan arituko dira lehiakideak. Euskaldunek flamenkoa dantzatzen ikasiko dute Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzari gasteiztarraren eskutik: dantza andaluziar honen oinarrizko urratsak irakatsiko dizkie. Bestalde, andaluziarrek aurreskua egiten ikasi beharko dute denbora-epe labur batean. Jose Luis Vallejo irakasle zorrotzak izerditan jarriko ditu andaluziarrak. Entseguen ostean, ikasitakoa erakutsi beharko dute lehiakideek, Zestoako plazan jarriko duten agertokian dantza eginda. Dantza bakoitzean adituak diren hiru lagunek osatutako epaimahaiek erabakiko dute talde bakoitzeko zein partaide iritsiko den finalera.

Azkenik, finalista bakoitzak bakarrizketa bat prestatuko du saioan anfitrioi izan duen aktorearen laguntzaz. Iñigo Salinero Txaflas eta Carmen Frigolet lagun, bakarrizketa prestatuko dute, eta Zestoako herriaren aurrean bota beharko dute, bi kulturak ondoen batzen dituzten hautagaiak direla erakusteko. Bukatzeko, herritarrek erabakiko dute, bozketa bidez, nor den irabazlea.

Ez galdu "Tú al Norte y Yo al Sur" saioaren final handia, gaur gauean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

us-en.

Informazio gehiago (2)