Rankinga
ETBko saioetako 10 bideorik onenak, 2016an
E.A
eitb.eus-eko erabiltzaileen artean arrakasta gehien izan duten bideoak bildu ditugu. Irudiok ETBk 2016an eman dituen saioetan agertu dira, eta oihartzun handia izan dute sare sozialetan.
2016. urteak une eta irudi berezi asko eman ditu ETBn. eitb.eus-eko erabiltzaileen artean arrakasta gehien izan duten 10 bideoak bildu ditugu ondorengo albiste honetan. Irudiok barregarriak direlako edota horietan aztertutako gaiek gizartean interes handia piztu dutelako azkar zabaldu dira sare sozialetan.
'Sin ir Más lejos' pasa den udan amaitu zen saioko bi bideo daude ranking honen lehen bi postuetan. Lehenak Bizkaian txakurren arteko legez kanpoko borrokekin du zerikusia. Tankera honetako borrokak geroz eta gehiago antolatzen dituztela salatu zuten Animalien Babeserako Elkarteek saioan bertan.
Saio honetako beste une goren bat ekarriko dugu gogora. 'Los Pichis' familiako kide batek mehatxu egin zien ETBko bi langileri. Robeto Vazquez kazetaria eta kamera bat Bilboko Ollerias auzoan izandako istiluen berri zuzenean ematen ari zirela jazo ziren gertakariok.
ETBk 2016an eman duen unerik hunkigarrienetako bat, zalantzarik gabe, Asko Maite zaitut' saioko pasarte hau da. Aspanogik, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak, Joxe Mari Agirretxe, Porrotx, omendu nahi izan zuen, eri dauden haurrekin egindako lanagatik.
Bestelako gaiei helduko diegu. Hollywoodeko izar distiratsu bat dugu laugarren postuan. Nicole Kidman aktore australiarraren sekretupeko argazkiak erakutsi zituen 'La Noche de...' saioak, eta, egun, oraindik, arrakasta handia dute irudiok Interneten.
Etxeko gazte eta txikienen artean arrakasta itzela izan duen fenomenoa ezin ahaztu. 'Go!azen' telesaileko aktoreek 'Euskararen Txantxangorria' bideoklipean hartu zuten parte, abesten eta dantzatzen. Ekimen honek euskara erabiltzeko gonbita egin nahi du, eta sare sozialetan oihartzun handia izan du.
'Ahora' ETB2ko saioak transexualitatea haurtzaroan gaia jorratu zuen azaroan. Nahiane 9 urteko neskato baten testigantzak biziki hunkitu gintuen. Horra hor bere hitzak.
'La Noche de?' saioko beste bideo honek ere zer esana eman du. Fifty Shades Darker edo Cincuenta Sombras de Grey filmak sortutako zalaparta eta hika-mikak aztertu zituen 'Políticamente Incorrecto' izeneko atalean.
Eta nola ez, bideo zerrenda honetan ezin ziren falta Lekeitioko gure bi lagunak. Baserri eta Txankarrak ezingo dute inolaz ere ahaztu Txus Jaio rally-gidariarekin auto baten barruan bizitakoa.
2016. urteko beste une ahaztezin bat Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi 'Herri txiki, Infernu handi' ETB1eko saioko aurkezleekin bizi genuena. Otsailean, biluzik bainatu ziren Mutrikun, ur hotzetan.
Rankinga ixteko Joxe Mari Olasagasti aizkolariaren eta Ibon Gaztañazpi kazetariaren arteko elkarrizketa dugu. 'Zuek Hor' saioan ekarri zuten gogora elkarrizketa saiakeraren irudiok. Biak azaltzen dira, barrez lehertzen.