Itxi

Programazioa

Zortzi saio berrirekin ekingo dio ETBk urte berriari

EiTB

'Ur Handitan', 'Euskalduna Naiz, eta Zu?', 'Gailurra Neguan', 'Bago!az', 'El Conquistador del Caribe', 'El Conquis', 'Equipo de Redacción' eta 'La Imagen de Mi Vida', programa berrien artean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zortzi saio berrirekin ekingo dio ETBk urte berriari: 'Euskalduna Naiz, eta Zu?', 'Bago!az', 'Gailurra Neguan', 'Equipo de Redacción', 'La Imagen de Mi Vida', 'Ur Handitan', 'El Conquistador del Caribe' eta 'El Conquis'. Aktualitateari eta entretenimenduari begirik kendu gabe, biziak eta jendartetik oso hurbilekoak dira aurkeztutako programazioaren markak, Edu Barinaga ETBren zuzendariak Donostiako San Telmo Museoan esan duenez. Ekitaldian, aurkezle ezagunak ere egon dira: Xabier Madariaga, Julian Iantzi, Patxi Alonso, Joseina Etxeberria, Julen Telleria, Anjel Alkain, Adela Gonzalez, Ion Aramendi eta Klaudio Landa, besteak beste.

ETB1

Erreportaje sorta eta aurkezle berriarekin dator 'Ur Handitan' astearte gauetan ETB1eko programaziora. Xabier Madariaga EiTBko kazetaria izango da oraingoan gidari. Gizartean interesa eta kezka pizten duten gaiak mahai gainean jarri eta zuzeneko lekuko eta adituen iritziak jasoko dituzte. Astero-astero, gai bat sakon aztertuko du saioak, protagonistengana hurbilduz eta beraien herri, lantoki edota etxeetara joanez. Lehen saioan, minbizia izango dute hizpide, hori gainditzeko jarrera baikorrak eta borrokak duten garrantzia azpimarratuz.

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' saioan, gaur egungo euskaldunen umorezko erradiografia egingo dute asteazkenero. Euskaldunon izaera ulertzeko, maitasunaz, diruaz edota sexuaz ere hitz egingo dute. Horretarako, Euskal Herriko aurpegi ezagunenen pasadizo bitxiak entzungo ditugu, eta umorezko puzzle hau Nerea Arriola youtuber lotsagabearekin, Iker Galartzaren eta Aitziber Garmendiaren esketx dibertigarriekin, eta Unai Gaztelumendiren marrazkilari onenekin osatuko dute. Lehen saioko gonbidatuak honako hauek izango dira: Xabier Amuriza, Jon Plazaola, Onintza Enbeita, Xabier Saldias, Iñaki Artola, Julen eta Antton Telleria, Zuriñe Hidalgo, Aitzol Atutxa, Maider Unda, Alex Sardui, Joseba Apaolaza, Josebe Iturrioz, Jon Maia, Itziar Aizpuru, Asier Odriozola, eta Maixa eta Ixiar.

Halaber, ostegunetan 'Gailurra Neguan' hasi berri den saioak izango du bere lekua. Andoni Aizpuru eta Irati Anda dira saioaren gidariak. Denboraldi honetan, neguarekin lotura duten pertsonak ezagutuko ditugu: eskiatzaileak, neguan herrira jaisten diren artzainak, espedizio gogorretan aritutako mendizaleak, txakurkrosetako lasterkariak? Aukera bikaina izango da mendiak neguan eskaintzen dizkigun aukerak gertutik ezagutzeko. Saio sorta hauetan, Andonik egingo du gailurra, eta Irati behean geratuko da. Mendiaren magalean dauden herriak bisitatuko ditu, bertako istorio eta lagunak ezagutzeko asmoz.

'Bago!az' talent show-a hasiko da laster

Bestalde, ETB1ek laster 'Bago!az' talent show-a estreinatuko du. Irabazleak ostiralero ikusgai daukagun 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du. Hamabi lehiakide ariko dira nor baino nor gehiago: sei neska eta sei mutil, epaimahai baten aurrean. Elkarrekin lehian arituko dira agertokian, eta zortzi aditu izango dituzte prestatzaile. ETB1eko telesail arrakastatsuan parte hartzeko trebatuko dituzte coach ezagun hauek. Bien bitartean, 'Go!azen' telesailak aurrera jarraitzen du, kapitulu berriak ematen, telebistan, eta antzerki eta musika emanaldiak eskaintzen, Euskal Herrian zehar.

Halaber, 'GTG 3X2' saioak, Julen Telleriaren eskutik, epe berriari ekin dio, lehiakide berriekin eta apurka-apurka argituko diren sorpresa askorekin. Kuxkuxero berri bat izango da, eta denetariko lehiakideak izango dira. Gutar berrien artean, musika talde bateko abeslari eta gitarrista bat, Urkullu lehendakariaren miresle bat, dantza irakasle bat, eta inoiz maitemindu ez den gazte bat izango dira.

Urtarriletik aurrera, Kike Amonarrizek aurkezten duen 'Burubero' saioa berrikuntzaz beteta etorriko da. Hilero aste berezi bat izango dugu, lehiakide berezi eta ezagunekin osatutakoa. Umorea, elkartasuna eta barrea ardatz duten saioak izango dira. Aste oso batez famatuak lehian ikusiko ditugu helburu solidario baterako dirua lortzeko.

Urtarrilak 16tik 20rako astean emitituko da 'Burubero'ko lehen aste berezia. Kasu honetan, ETBko aurpegi ezagunak izango ditugu lehian. Astelehen eta asteazkeneko saioetan, Ilaski Serrano, Ibon Gaztañazpi, Sebastian Lizaso eta Izaro Iraeta ikusiko ditugu. Astearte eta osteguneko saioetan, Zigor Iturrietak, Reyes Pradosek, Julen Telleriak eta Karmele Larrinagak hartuko dute parte. Denen helburua berdina izango da: EiTB Maratoirako 5.000 euroko saria eskuratzea. Otsaileko aste berezian, Gaztea irratiko lau esatari 'Gu ta Gutarrak' saioko lau kideren aurka ikusiko ditugu lehian.

Eta igandero, jakina, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak bere bidea egiten jarraituko du Euskal Herrian barna. Maule, Leintz Gatzaga, Basaburua, Zigoitia eta beste dozena bat herri txiki bisitatu dituzte urte honetan. Herri horietako paraje eta bizilagunengana gerturatuko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi  astero-astero.

ETB2

Nobedade asko dugu ETB2n ere. 'Todos Los Apellidos Vascos' saioaren denboraldi berria badator, Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuta. Placido Domingo izango da lehenengo ataleko protagonista, eta jarraian emango diren ataletan honako hauek izango dituzte gonbidatuak: Eneko Atxa, Julio eta Patxi Salinas anaiak, Paloma Gomez Borrero, Pedro Luis Uriarte, Julen Lopetegi  eta Carmelo Ezpeleta.

'Equipo de Redacción' saioa ere estreinatzear dago. Sabin Egilior du zuzendari, eta kazetari talde batek aktualitate sozialari buruzko ikerketa erreportajeak landu eta nola egiten dituen erakustea du helburu. Atal bakoitzean, gai bat eta hori jorratzeko argumentu eta tramak azalduko dituzte, eta emisiora iritsi arte egiten duen bidea erakutsiko dute. Adin txikikoek jasaten dituzten sexu gehiegikeriei buruz arituko dira lehen atalean.

'El Conquistador del Caribe' urtarrilaren 16an hasiko da

'El Conquistador del Fin del Mundo' saioaren 13. denboraldia urtarrilaren 16an izango dugu programazioan, 'El Conquistador del Caribe' bihurtuta. Julian Iantzi gidari izango du beste behin telebistako realityrik gordinenak, Kolonbiako Karibea agertoki dutela. Irabazteko edozer egiteko prest izango diren taldeek abentura berriei eta proba eta elkarbizitza gogorrari egin beharko diete aurre, 'El Conquistador' saioak orain arte urratu ez duen eremu batean. Gotzon Mantulizek, bestalde, proben berri emango die webaren bidez jarraitzaileei, eta gauza bera egingo du 'El Conquis' debatean.

Asteazkenero izango da ikusgai, berriz, 'El Conquis' saioa, Patxi Alonsoren eskutik, urtarrilaren 18tik aurrera. Lehiakide ohi, kapitain ohi eta saioaren jarraitzaile adituek abenturaren nondik norako guztiak aztertuko dituzte. Aurten, Joseina Etxeberria eta Ainhoa Etxebarria esatariak izango dira debatean, 'El Conquis'ek entzuleen parte hartzea bultzatuko baitu horien eta Gaztea irratiaren bidez.

Patxi Alonso, orobat, astelehenetik ostiralera dugu ikusgai 'Atrápame Si Puedes' lehiaketa arrakastatsuan. Ikus-entzuleei tarte atsegina eskaintzen dien bitartean, lehiakideen artean dirua banatzea da audientzia markak hausten dituen saioaren helburua.

Horrez gain, 'La Imagen de Mi Vida' saioa emango da laster ETBn. Gure bizitzan urratsa utzi duen argazkia izango du ardatz saio berriak. Euskadiren historia aldatu duen gertakizun bat eta hori ondo irudikatzen duen argazki bat izango du abiapuntu atal bakoitzak. Gertakari horrekin atzera begiratuko dugu, eta guztion memorian edo erretinan gordeta dagoen irudiaren bila joko du lantaldeak. Argazki horrek garai hartara eramango gaitu. Haatik, gaur egungo bizitzan izan duen eragina ere aztertuko dute. Hiru pertsona ezezagunek kontatuko digute saio bakoitzean euskaldunok nola bizi genuen historia hurbileko une hori.

Nobedade horiekin batera, arratsaldero eduki, sorpresa eta gai berriak dakarzkigute 'Qué Me Estás Contando' eta 'Ahora' saioek joan zen urteko urritik ETB2ko arratsaldeetara. Eztabaida eta hurbiltasuna ezaugarri nagusi direla, Ion Aramendik, Klaudio Landak eta Adela Gonzalezek betetzen dute arratsaldea. Ion Aramendiren debate lasai eta kolaboratzaile bereziekin abiatzen da saioa, eta, ondoren, aktualitate gaiak dakartza, denetariko kolaboratzaile mahaiarekin baitator Klaudio Landa 'Qué Me Estás Contando'ra. Azkenik, 'Ahora'n Adela Gonzalezek gizarte gai, aditu, testigantza eta zuzeneko erreportajeekin ixten du arratsaldeko azken txanpa.

Bideoak (3)