Itxi

Aurrerapena - 3. atala

Kexak eta amerikar pista, gaur gauean, 'El Conquistador'en

Leer en Castellano

Hiru taldeek euren kanpamentuei buruzko kexak dituzte, eta aldatzen edo hobetzen saiatuko dira. Horretarako, baina, hurrengo immunitate-jokoa irabazi beharko dute, amerikar pistan.

"El Conquistador del Caribe" saioko taldeek amerikar pista zail bat gainditu beharko dute gaurko atalean. Hiru taldeek egokitu zaizkien kanpamentuei buruzko kexak dituzte, eta jokoa irabazi beharko dute kanpamentua aldatu ahal izateko.

Infernuan gau bat ematea nahikoa da handik lehenbailehen irten nahi dutela jakiteko. Hori gertatu zaie Marcelo Ferreira kapitainaren putreei, eta kanpamentu oso txiroa uzteko edozer gauza egiteko gai dira. Horretarako, hurrengo immunitate-jokoa irabazi beharko dute. Halere, lan handia daukate urdinen taldean: kapitainak egiten ez badu, norbaitek jarri beharko du ordena taldean.

Harrigarriena, baina, ez da hori, beste bi taldeek ere eurei egokitu zaizkien kanpalekuak utzi nahi dituztela baizik. Oraindik ez dute kanpamentu oso txiroa ezagutu, noski! David Seco kapitainaren sugeek ezin dituzte euren uharteko eltxoak jasan. Hori da 40 graduan eta ur gezaz inguratuta egotearen alde txarretako bat. "Zancudo" esaten dieten zomorroek ziztadaz josi dituzte.

Dena den, inork ez du ulertzen zergatik kexatzen diren Erku eta taldekideak, marrazoak; kanpaleku aberatsean eman dute lehen gaua, eta "El Conquistador"en historiako onena edo onentsuenetakoa da. Suhiltzaileari, baina, eskasa iruditu zaio. Gaua oihanean pasatzea zer den ikusten dutenean ikasiko dute zer den ona.

Egun gutxi igaro dituzte lehiakideek oraindik, eta egoera onean daude oraindik, bizi baldintzak gogorrak badira ere. Ikusteko dago immunitate-jokoa egin ondoren berdin jarraitzen duten: amerikar pista zail bat igaro beharko dute zingira likatsuz betetako oihanaren erdian, Kolonbiako Karibeko ur "gardenetan".

Horrelakoa da "El Conquistador del Caribe"! Hirugarren atala gaur izango da ikusgai, 22:20 aldera, eitb.eus-en eta ETB2n. Aurreko atalak EiTB Nahieran daude eskuragarri.

Informazio gehiago (1)