15:00etan
Bertso Egunaren errepaso historikoa, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan
EiTB
Ia mende erdiko ibilbidearen ondoren, ibiltaria izango da 2018tik aurrera, eta, gaurko saioan, 47 edizioek utzitako une gogoangarrienak berreskuratuko dituzte.
Donostian ia mende erdiko ibilbidearen ondoren, fase berri batean sartuko da Bertso Eguna datorren urtetik aurrera, izan ere, 2018tik aurrera ibiltaria izango da. Orain artekoak eman duenaz ariko dira gaurko 'Hitzetik Hortzera' saioan. 47 edizio hauek utzitako une gogoangarrienak berreskuratuko ditugu.
Ibilbide bat lau bertsolariren begietatik
Bertsozale eta bertsolarien arteko bilgune izan da urte hauetan Bertso Eguna, eta asko dira barru-barrutik ezagutu dutenak. Horietako laurekin elkartuko dira igande honetan orain artekoaren errepasoa egiteko: Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga. Bertso Egunari lotuta dituzten bizipenen berri emango digute: nola sortu zen eta Bertsolari Eguna Bertso Egun nola bihurtu zen azalduko digute bi azpeitiarrek, eta azken urteotako bideak utzitako hausnarketak entzungo ditugu Miren Amuriza eta Unai Iturriagaren ahotik.
Bertsoaldi gogoangarrien errepasoa
Asko dira Bertso Egunak utzitako une gogoangarriak: Bertsolari Egunetan egindako omenaldiak; hasierako urteetan 'Agur jaunak' kantatzerakoan sortzen zen giro hunkigarria; Goierritarrek eskaintzen zituzten saio umoretsuak; azken urteetan Kursaalean egindako esperimentuak... Tartean izan ziren programan elkarrizketatuko ditugun bertsolariak ere. Besteak beste, Araeta jatetxeko afaloste batean bertso jarri musikatuak kantatu zituen Unai Iturriagak; ezagunak egin ziren Miren Amurizak, Maddalen Arzallusek lagunduta, amei kantatutako bertsoak ere, eta Imanol Lazkanok Bertso Egun batean iragarri zuen plazako jarduna utzi egingo zuela. Bertsoaldi horiek denak berreskuratuko dituzte.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera. Eta laster Interneten ere aurkitu ahal izango da, EiTB Nahieran-en.