Gaur
Sokatira, saskibaloia, aizkolariak eta pilota, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Goma gaineko Euskadiko Txapelketa, Lointec Gernika Bizkaia-CREF ¡Hola! partida, Binakako Eusko Label Saria eta Bilboko pilota jaialdia izango dira ikusgai.
Igandero bezala, kirol eskaintza zabala izango da ETB1en eta eitb.eus-en. Goizetik hasita, 12:00etan, herri kirolak izango ditugu: goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren kontakizuna egingo du Juanan Legoburuk. Jarraian, 13:00etatik aurrera, saskibaloiko Emakumeen Ligako 18. jardunaldiko Lointec Gernika Bizkaia-CREF ¡Hola! partida izango da ikusgai, Asier Aranguren esatariaren eskutik.
Arratsaldean, 16:00etan, herri kirolen tartea zabalduko dute berriro, aizkolarien Binakako Eusko Label Sariko lehia eskaintzeko: Mindegia-Irazu eta Arria V-Otaegi izango dira aurrez aurre. Kontakizunaz Ibon Gaztañazpi eta Joxe Etxebeste arduratuko dira.
Amaitzeko, pilota. 'ETB Kantxa' saioak hiru partida eskainiko ditu, zuzenean Bilbotik, 17:00etatik aurrera. Lehenengoa Elordi-Erostarbe eta Peña II-Salaverri bikoteen artekoa; bigarrena, Binakako Txapelketako 10. jardunaldiko Olaizola II-Untoria / Elezkano II-Zabaleta; eta amaitzeko Gorka-Cecilio / Mendizabal III-Irusta. Guztietan Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.