'El Conquis'en 4. atala
Angelari zentimetroak eta kiloak falta izan zaizkio saioan jarraitzeko
Zarauztarrak Gordexolakoa garaitu du ibaian egin duten sokatiran. Gorriek immunitatea irabazi dute, Izeta indartsuak gidatuta.
Urdinek Angela, taldearen arima, galdu dute "El Conquistador del Caribe" saioaren 4. atalean. La Kaxeren eta Angelaren arteko sokatira dueluak ez du inolako distirarik izan. Maddi La Kaxeren pisua eta neurria erabakigarriak izan dira bizkaitarra garaitzeko. Aurkariaren aurka aurrerantz tiratzea zaila da, eta are zailagoa da lurra ia-ia ukitzen ez duzun putzu batean eginez gero; ezinezko bilakatzen da orduan. Txarrena da Angelak berak erabaki zuela talde berdean Maddi aukeratzea duelurako aurkari gisa. La Kaxeren itxura fisikoa engainagarria da: Maddi harakina da Zarautzen, eta tamaina handiko haragi-piezak moztu eta batetik bestera eramaten ditu egunero. Haren bizitasunak eta indarrak erabakigarriak izan dira Marcelo Ferreiraren taldearen arimarenak egiteko. Hala ere, txarrena heltzear zegoen putreentzat. Coral eta Angela dagoeneko ez daude taldean, eta, haien falta dela-eta, Idoiak eta Olgak sortzen dituzten eztabaidak bolborategi bilaka daitezke une batetik bestera.
Marcelo Ferreirak buruan sartuta dauka David Seco haserrearazi behar duela. Berdeen eta urdinen arteko bilera borrokarako ring bilakatu dute bi pisu astunek. Marcelok Seco berotu du, eta txirrindulari ohia ez da isilik geratu. Ez da ezer larririk gertatu, baina ondorio txarrak izan ditzake bien arteko harreman horrek. Jarrera oldarkorra izatea aurpegiratu dio Vilarin taldekideak brasildarrari. Kokoen immunitate-joko tirabiratsuaren ondorioz sortu da kapitainen arteko liskarra. Aurkariek egindako zuloez baliatzea erabaki dute urdinek, eta hurrengo saioetarako ez nekatzea lortu dute horrela. Hasieran, inor ez da ohartu Maritxalarren, Marceloren eta abarren taktikaz. Baina, jokoa bukatutakoan, berdeek, David Seco buru, aurkarien taktika kritikatu dute. Marcelok entzun egin ditu, eta horren ondorioz sortu da bien arteko liskarra.
Jokoan ikusi dugunez, Izeta oso indartsu dago, eta lehiaketan urrutira iristeko hautagai ona da. Gorriek desafio perfektua egin dute, eta gipuzkoarrak indarrez, abileziaz eta ausardiaz amaitu du lana. Erkuren taldeak kanpamentu aberatseko lasaitasuna irabazi du, baita eltxo-sare zoragarri batzuk ere. Gorriek ez dute, oraingoz, taldekiderik galdu, baina kapitaina beti dago muturtuta. Grabazio-taldeari itsuskeriak eta mehatxuak egin dizkio Erkuk, eta, ondorioz, Julian Iantzik errieta egin dio. Kapitainak manerak zaindu behar ditu taldekideen aurrean, eta baita saioko kideen eta ikus-entzuleen aurrean ere.
en aurrean ere.