EiTB Komunikazio Taldea
'Bullyingari egurra/Guerra al bullying' kanpaina, EiTBn
A.A. | EiTB
Aste honetan eta hurrengoan, eskola jazarpenaren gaia jorratzen ari dira EiTBko medio guztiak.
Euskal Irrati Telebista eskola jazarpenaren aurkako kanpaina egiten ari da egunotan Bullyingari egurra/Guerra al bullying lelopean. Gaia EiTBko medio guztietan (telebista, irratia eta internet) jorratzen ari dira erreportajeen eta elkarrizketen bitartez. Asmoa, herritarrak jazarpenaren inguruan ohartaraztea eta guztion artean arazoari aurre egitea da.
ETB2n arratsaldero ikusgai diren 'Qué Me Estás Contando' eta 'Ahora' saioetan, ostegunetik asteartera bitartean, eskola jazarpena aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik. Hasteko, ostegun honetan, erasotzaileen eta erasoa jasan dutenen perfiletan sakonduko dute. Bullyinga sufritu duten hainbat pertsona hartuko dute platoan. Bere jarrera hobetzeko bidean den erasotzaile izandako lagun bat ere elkarrizketatuko dute.
Ostegunean bertan, 'Equipo de Redacción' saioko erreportajeak bullyinga izango du ardatz. Eskola jazarpena antzemateko mekanismoez eta ikasleak gaiaren inguruan kontzientziatu daitezen gure ikastetxeetan egiten den lanaz arituko dira. Jazarpenaren biktima nor izan litekeen eta nola babestu dezakegun ere aztertuko dute.
Ostiralean 'QMEC' eta 'Ahora' saioek jazarpen egoera baten aurrean isilik geratzen direnen jarrera aztertuko dute. Bullying egoerak antzemateko eta horien aurrean nola jokatu behar den jakiteko Ertzaintzak ikastetxeetan antolatzen dituen tailerrei buruz ere mintzatuko dira. Aldi berean, erasorik egon ez dadin lan egiten duten gazte konprometituekin hitz egingo dute.
Datorren astelehenean (otsailak 27), hezkuntza komunitatearen eta gurasoen papera izango dute ikusmiran. Kasu ezberdinak ezagutuko dituzte: jazarpena egoerak bizi izan dituzten irakasle eta gurasoak, euren seme-alabak erasotzaileak direla ukatu duten gurasoak, bullying egoeren aurrean beste aldera begiratu duten irakasleak… Ziberbullyingaz ere arituko dira eta jazarpenari aurre egiteko Euskal Herriko ikastetxeetan abian dituzten programak, tartean KiVa, aztertuko dute.
Amaitzeko, asteartean (otsailak 28) bullyingari aurre egiteko protokoloez, prebentzioaz eta erantzukizun penalaz arituko dira.
EiTBren kanpainari amaiera emateko, datorren astearteko 'Ur Handitan' saioko erreportajeak ere bullyinga izango du ardatz. Xabier Madariaga kazetariaren eskutik, Villabonako Ikastolan KiVa programa nola ezartzen ari diren jakingo dugu. Bullyinga sufritzen ari den gazte baten testigantza ere jasoko dute. Halaber, bullyinga egin zuen mutil gazte batekin eta egoeraren analisia egingo duen adituekin ere izango dira.
Kale ekimena, ostegunean, Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleekin
Kanpaina kalera ateratzeko asmoz, ostegun honetarako kale ekimen bat antolatu du EiTBk Urretxu-Zumarragako Ikastolarekin batera. Lehen Hezkuntzako 400 ikasle ikastolako futbol zelaian bilduko dira eta EiTBren kanpainarekin bat eginez, eurak ere eskola jazarpenik onartzen ez dutela irudikatuko dute. ETBko albistegiek emango dute horren berri.
Jon Gonzalez lehiakidearen testigantza hunkigarria, 'GTG 3x2' saioan
Ostegunean baita ere, 'GTG 3x2' saioan, lehiakideetako batek, Jon Gonzalezek, duela urte batzuk eskola jazarpena jasan zuela kontatuko du. Jonek testigantza hunkigarria eskainiko du, bizitako une gogorrak gogoratuz. Bere arrebaren laguntza izango du platoan, familiak noiz eta nola jakin zuen azaltzeko.
Julen Telleriak gidatzen duen saioak tentu handi jorratzen ditu gai sozialak, programan parte hartzen duten gazteen ikuspuntutik: eskola jazarpena, sexu berdintasuna, etorkinen arazoak, menpekotasunak, gurasoekin harremanak eta abar.
Kanpaina irratietan eta interneten
EiTB Taldeko irratiak ere bullyinaren aurkako kanpainarekin bat egin dute. Radio Euskadiko Unitate Mugikorra Gernikako Seber Altube Ikastolara joan da aste honetan, eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa nola ezartzen ari diren ezagutzeko. 'Graffiti' saioan, berriz, Ziortza Karranza psikologoarekin hitz egin dute gaiaz, jazarpenak biktimarengan dituen ondorio psikologikoak eta erasotzailearen jarrera aztertuz. Zeuk Esan Haur eta Nerabeak Laguntzeko Zerbitzuaren arduradunarekin ere mintzatu dira Radio Euskadiko lankideak.
Euskadi Irratiak ikastoletan lantzen ari diren KiVa egitasmoaren berri eman du, besteak beste, eta Gazteak EiTBren kanpainarekin bat egiteko deia egin die entzuleei, euren argazkiak bidaltzeko eskatuz. Halaber, eskola jazarpenaren nondik norakoak ezagutzeko hainbat aditu elkarrizketatu dituzte, tartean, Amaia Vazquez psikologo eta sexologoa.
Irratian eta telebistan jorratutako eduki guztiak erabiltzaileen eskura egongo dira interneten. Halaber, eitb.eus-eko erredaktore taldeak ziberbullyingaren inguruan egindako erreportajea webean zintzilikatuko dute.