22:30ean
Euskadin burundanga ote dagoen aztergai, 'Equipo de Redacción' saioan
A.H. | EITB
Saioak droga horren arrastoari jarraituko dio Euskadin, eta drogaren eraginpean erasoak jasan dituzten biktimen testigantzak bilduko ditu.
Gaur gaueko 'Equipo de Redacción' saioak Euskadin sexu-erasoak burutzeko burundanga erabiltzen ote den aztertuko du. Gero eta ohikoagoak dira burundagaren eraginpean erasoak jasan dituzten emakumeen salaketak. Kasu horietako bat duela aste gutxi gertatu zen Bilbon: hiru gizonek emakume bati eraso zioten Solokoetxe auzoan, eta biktimak, droga horren eraginpean, antza, ez zien aurre egin. Segurtasun-kamerek gertatutakoa grabatu zuten.
Burundanga edo eskopolamina drogak pasibotasun eta borondaterik gabeko jarrera eragiten dio biktimari, eta berarekin daudenen aginduak betetzea ahalbidetzen du. Kolonbian substantzia oso ezaguna da, eta sexu-erasoak zein lapurretak egiteko erabili izan da.
Gure kaleetan burundanga aurki daiteke edo mito bat baino ez da? Nolako eragina du biktimengan eta nola kudeatzen da? Gure borondatearen kontra drogatu gaitzakete? Biktimek duten zailtasun handiena drogatu dituztela erakustea da. Izan ere, burundangaren arrastoa oso azkar desagertzen da gorputzetik, eta biktimak memoria galtzen duenez, ezin du gertatutakoa gogoratu.
Euskadin aurki daitekeen burundangaren atzetik joango da 'Equipo de Redacción' saioa, eta gure hirietako kaleetan eros daitekeen aztertuko du. Euskadiko Medikuntza Legaleko Institutuan eta Fiskaltzan izango da saioa, burundanga kasuen inguruko informazioa biltzeko. Gainera, horrelako erasoak jasan dituzten bi biktima hartuko ditu (Asun eta Kimetz), haiei gertatutakoa azaltzeko.
'Equipo de Redacción' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.