Kirolak zuzenean
Emakumeen Master Cup Txapelketako finalak, gaur, ETBn
A.A. | EiTB
Zornotzan jokatuko den Euskal Herri mailako lehenengo emakumeen binakako esku pilota txapelketaren final handia ETB1en eta eitb.eus-en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute gaur Zornotzako pilotalekuan jokatuko den Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketako finalak. Lehen mailan, Alba Martinez-Arrate Bergara eta Nagore Aramendi-Nagore Bilbao bikoteak izango dira nor baino nor gehiago. Elite mailan, Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek, Nagore Arozenaren eta Maider Mendizabalek aurka neurtuko dituzte indarrak.
Euskal Herri mailan egiten den lehenengo emakumeen esku pilota txapelketa urtarrilean jarri zen abian. Sailkapen faseko partidak jokatu dira eta lau bikote onenak neurtuko dira gaurko final handian. Emanaldia 12:00etatik aurrera jarraitu ahal izango da 'Oreka' saioaren barruan, Iñigo Aiestaranen eta Xabier Anduezaren kontakizunarekin.
Logroñoko pilota jaialdia eta Eusko Label sariko finala ere zuzenean
Arratsaldean, 'ETB Kantxa' saioak Logroñoko Adarraga pilotalekuko jaialdia eskainiko du zuzenean 17:00etan hasita. Lehendabizi, Promozio Txapelketako partida jokatuko da Victor-Ladis Galartza / Laso-Aretxabaleta; ondoren, Txapelketa Nagusikoa, Ezkurdia-Merino II / Altuna III-Barriola. Esatariak Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira.
Pilotaren aurretik, 16:00etan, aizkolarien Binakako Eusko Label sariko finala eskainiko da. Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek emango dute goizean Azpeitian jokatutako lehiaren berri.
Azkenik, 14:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en, Munduko Pala Txapelketako 2. jardunaldiko norgehiagoka izango da ikusgai: Fusto-Brefel / Landeta-Ibai Perez. Juanan Legorburuk egingo du kontakizuna.