22:15ean
'Zuloak' Fermin Muguruzaren dokumentala, gaur gauean, ETB1en
A.H.
EITB
Fermin Etxegoienek Muguruzaren filmaren inguruko bitxikeriak kontatuko ditu "Zinez" saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Telebistaren lehen kateak Fermin Muguruzak zuzendutako Zuloak dokumentala eskainiko du, gaur, "Zinez" saioaren baitan. Filmak Euskal Herrian taula gainean dabiltzan emakume musikarien errealitatea islatzen du. Pelikularen inguruko bitxikeriak kontatuko ditu Fermin Etxegoienek.
Zuloak dokumentalak musika munduan hasi berri den emakume batzuen rock taldearen istorioa jarraitzen du. Fermin Muguruzak oihartzun handiz estreinatu zuen filma Donostiako Zinemaldian.
Bilboko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle batek, Arrate Rodriguezek bere fakultateko bi neskak elektro-rock banda bat sortu nahi dutela jakin du, eta hainbat proposamen estetiko egin, eta ekintza eta propagandako jarduerak proposatuko dizkie. Ondorioz, taldeko ezinbesteko pieza bilakatuko da, kamera beti eskuan duela, proiektua gauzatzeko egiten dituzten mugimendu guztiak jasotzeko prest.
Arratek taldeko beste kide bat nola aukeratu duten kontatuko du filmean, baita hainbat gairi buruz kideen artean dituzten eztabaiden berri eman ere. Besteak beste, sexua, munduko egungo egoera, globalizaturiko tribuak eta estiloak, abesteko hizkuntza bat aukeratzea, gorroto duten gizarte bateko zutabe nagusiak (familia, esaterako), gizartea kontrolatzeko sistemak eta beste gai batzuk jorratuko ditu.
Ez ezazu galdu Zuloak fikziozko dokumentala, gaur, 22:15ean, ETB1en, "Zinez" saioaren baitan.