ETB1 eta eitb.eus
Aitziber Etxeberriari elkarrizketa, 15:00etan, 'Sautrela'n
A.H. | EITB
Tzvetan Todorov literatur teoriko eta intelektualaren inguruko erreportajea eskainiko du saioak, eta gainera, Jonas Mekas zinegilearen Walden pelikula ekarriko du gogora.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitziber Etxeberriak bere azkeneko lana aurkeztuko du larunbat honetako 'Sautrela'n. Etxeberria ez da ugari argitaratzen duen idazle horietakoa. Tango urdina nobelarekin abiatu zuen bere ibilbidea 2004ean, eta berriki arte beste nobela bat zuen plazaratua, 31 baioneta. Biek eskuratu zuten Donostia Opera Prima Saria eta biak publikatu zituen Erein argitaletxeak. Generoko literaturan lekutxoa egin zuen nobela horiekin, eta orain hirugarren batekin etorri zaigu, Nomada izenekoarekin. Vietnam, Errusia eta Euskal Herriaren artean kokatutako istorioa da, thriller kutsukoa, eta irakurlea peripeziaz peripezia ondo harrapatuko duena. Zerk eraman zuen istorio hori idaztera? Zeintzuk dira bere nobelaren klabeak? Zeintzuk bere genero kuttunak?
Erreportajean literatur teoriko eta intelektual garrantzitsu bat izango dute hizpide: Tzvetan Todorov. Joan den otsailean zendua, ekarpen garrantzitsuak egin zizkion literaturaren teoriari 60. eta 70. hamarkadetan. Gerora ere liburu mordoa idatzitakoa da, eta azkeneko urteetan ere bere literaturzaletasunaren testigu diren beste zenbait obra eder argitaratu zituen. Todorovek literaturaren azterketari ekarritako berritasunak erakutsiko dizkigu erreportajeak, eta baita hark literaturarekiko zuen maitasuna ere.
Saioaren amaieran, Lur Olaizola zinema eta literaturaz arituko da eta, Jonas Mekas zinemagilearen Walden filma ekarriko du. Tituluak berak jada Henry David Thoreaurengana garamatza, baina zehazkiago ikusiko du film hark zein harreman duen literaturarekin. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango ditugu.
'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.