22:00etan
Gatika, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
A.A. | EiTB
Bizkaiko Uribe-Kosta bailaran kokatuta dagoen herria ezagutuko dute oraingo honetan Zuhaitzek eta Pagadik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bizkaiko Uribe-Kostan kokatuta dagoen Gatika herrira hurbilduko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Butroeko gazteluagatik ezaguna bada ere, hain ezagunak ez diren istorioen berri emango digu bikoteak.
Zuhaitzek hamaiketakoa egingo du Bernardorekin bere garajetxoan. Bernardoren emazte Mª Luisari ez zaio gehiegi gustatzen senarrak hamaiketakoa egin dezan, ez baitu Bernardok gehiago gizentzerik nahi. Garajeko goiko pisuan bizi dira senar-emazteak eta ezkutuan ibiltzen da Bernardo. Zuhaitz, bere konplizea izango da honakoan. Jose Ramonek galtzetako zuloa josiko dio Zuhaitzi, lehenago 'arazotxoa' edukiko baitu aurkezleak burnizko ataka bat gurutzatzerakoan. Manurekin egingo du topo geroxeago San Mames txikian. Athleticen jarraitzaile sutsua da Manu, baina oso urduri jartzen da futbol zelaira partidak ikustera hurbiltzen denean. Telebistan ere ezin ditu ikusi. Hori dela eta, etxeko lorategian entzuten ditu irratitik, San Mames zaharreko harmaila batzuetan eserita.
Aguedaren istoriaren berri emango digu geroxeago Zuhaitzek. Caceresekoa da sortzez Agueda, 19 urte zituela kartel bat irakurri zuen jaioterriko elizan. Bertan, Bermeoko kontserbetan lan egiteko jendearen bila zebiltzala-eta, izena eman eta Caceres utzi zuen Bermeora etortzeko. Harrez geroztik Euskal Herrian geratzea erabaki zuen. Mª Begok bere katuen berri emango die Gurrutxagari: Tuerti, Garra, Sator eta Zorri.
Pagadik Lier eta Eliasekin egingo du topo Butroe errekaren izkinan, gauez angulak arrantzatzen ibili diren aita-semeekin. Bagara-harriaren istorioa kontatuko digu Eneritzek, Gatikaren historian zeresan handia eduki duen mahaiarena, hain zuzen. Bertan adosten ziren herriarekin eta gatikarrekin zerikusia zuten erabakiak; lur-kontuak, abereak… Eskua emanez adosten zituzten, "Bagara edo ez gara?", esaldiari erantzuna emanaz. Erandioko merkadillotik Gatikara bueltan datorren Mª Loli eta haren senarrarekin elkartuko da Pagadi. Han egindako erosketa 'bitxiak' erakutsiko dizkiote. Azkenik, Ugutz, Ekaitz eta Periko astoarekin topo egingo du Pagadik. Milan AC taldeak Gatikan duen futbol-eskolaren berri emango digute, tankera horretako bakarra estatu osoan.
Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu gaur (22:00etan), eitb.eus-en eta ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.
rong>.