Itxi

22:30ean

Justizia epaituko du gaur 'Equipo de Redacción' saioak

A.H.| EITB

Leer en Castellano

Nóos kasuaren sententzia azalduko du eta kalera aterako da, euskaldunek justiziaren funtzionamenduaz duten iritzia ezagutzera.

Nóos kasuaren sententzia polemikoak sei urteko kartzela zigorra ezarri dio Iñaki Urdangarini, eta Cristina infanta, berriz, libre eta kargurik gabe utzi du. Sententzia horrek eztabaidagai bihurtu du galdera bat: herritar guztiak berdinak gara justiziaren aurrean? Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, gainera, bere lana askatasunez egiteko presio gogorrak jaso dituela salatu du. 'Equipo de Redacción' saioan, Urdangarinen kasuaz arituko dira gaur, eta kalera joango dira euskaldunok justiziaren funtzionamenduaren inguruan ditugun zalantza eta iritziak ezagutzera.

Programako lantalde bat Genevara joango da, Nóos auziaren datu guztiak ezagutu eta epailaren epaiak Urdangarinen eta infantaren familian izan dituen ondorioak azaltzeko. Horrez gain, hirian bizi diren euskaldunen eskutik, bikoteak gehien bisitatzen dituen tokiak ezagutuko dituzte eta horien "urrezko kaiolan" egiten duten bizimoduaren berri jasoko dute. Zenbat kostatzen da Genevan bizitzea? Zer pentsatzen dute Genevako biztanleek familiaren inguruan?

Madrilen ere izango dira. Azken hamarkadan Espainiako Monarkian gertatu dena ondo ezagutzen duten profesionalak izango dituzte bertan solaskide: Ernesto Ekaizer eta Esteban Urreiztieta kazetariak eta Alberto Lardiés La corte de Felipe VI liburuaren egilea.

Euskadira itzuliz, justiziaren funtzionamenduaren inguruan arituko dira legelari eta adituekin. Besteak beste, Iñaki Ansagasti eta Javier Riparekin egongo dira. Bidezkoak dira kode penalak ezartzen dituen zigorrak? Dirua eta boterea izateak gauzak erraztu ditzake? Hedabideek Monarkia babesten dute? Errege-etxean izan diren iskanbilek errepublikaren inguruko erreferendum bat egitea justifika dezakete?

Saioak, gainera, Valtonyc raperoarekin hitz egingo du, abesti batean Monarkia iraintzeagatik hiru urte eta sei hilabeteko zigorra jaso baitzuen. El jueves aldizkariko zuzendariarekin ere hitz egingo dute, eta Def Con Dos taldeko abeslariaren testigantza jasoko dute. Urtebeteko kartzela zigorra jaso zuen Twitter sarean idatzitakoagatik.

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

p>

Informazio gehiago (2)