22:30ean
Ijitoen estereotipoen kontra, gaur gaueko 'Equipo de Redacción' saioan
EITB
Euskadiko ijito komunitatearen errealitatearen egiazko irudia eskainiko dute, gizartean nagusitu diren aurreiritziei aurre eginez.
Secretariado Gitano fundazioak ijito komunitateak jasaten duen diskriminazioari aurre egiteko kanpaina abiatu du. Diskriminazio jarrera nagusiak lan-merkatuan eta hedabideetan gertatzen direla adierazi dute. Gaur gaueko 'Equipo de Redacción' saioak estereotipoen kontra egin eta Euskadiko ijito komunitatea emango du ezagutzera, haien bizimodu eta ohituren berri emanez.
Euskadin 14.000 ijito daude, Nafarroan 8.000, eta euren kultura propioa gorde duten arren, gure gizartearen parte direla ere aldarrikatzen dute. Ricardo Hernandez Euskal Herriko ijito komunitateko ordezkariak bere herriaren eguneroko errealitatearen berri emango du, eta hezkuntzak, familiak, lanak, etxebizitzak, integrazioak eta kulturak ijitoentzat duten garrantzia azpimarratuko du. Horrez gain, gizartean nagusi diren ijitoen inguruko aurreiritzi eta klixeen inguruan arituko dira eta ideia horien egiazkotasunaz hitz egingo dute.
Ijitoek bertan behera uzten dituzte ikasketak edo unibertsitatera heltzen dira? Txaboletan bizi dira edo hipotekak ordaintzen dituzte? Emakumeek ezkondu aurretik harreman sexualak izan ditzakete? Euskaraz hitz egiten dute? Euskal kultura interesatzen zaie? Zelako lanpostuak dituzte?
Saioak hainbat istorio pertsonal bilduko ditu osteguneko atalean: Angel eta Perla, 20 eta 18 urterekin ezkondu diren bikotearena; ijito ez diren hiru neskarekin bizi den Yhari ikaslearena, eta Iruñeko Tres Reyes hotelean lan egiten duen zerbitzariarena. Zapiaren ohitura tradizionala jarraitzen dutenekin ere hitz egingo dute, eta ijito batek bere homosexualitatea nola bizi duen azalduko dute.
'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.