20. Korrika
Korrikaren jarraipen berezia, egunez egun, EiTBko hedabideetan
Korrikaren nondik norakoak eskainiko dituzte telebistak, irratiek eta Internetek, apirilaren 9ra arte.
Jarraipen berezia egingo dio EiTBk Korrikari irratian, telebistan eta Interneten egunez egun.
Euskarazko hedabideek telebista saio bateratua egitea adostu dute Korrikaren hasieran eta amaieran. Otxandion eta Iruñean elkarlanean arituko dira Berria, EiTB, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom eta Xaloa Telebista.
Otxandioko saioa hedabide bakoitzaren webgunean (eitb.eus webgunean, tartean) eta ETB1, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan izan zen ikusgai, zuzenean. Ilaski Serrano (ETB) eta Ekhiñe Atorrasagasti (Hamaika Telebista) izan zituen aurkezle, eta beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan aritu ziren. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskaini zituen saioak, zuzenean. Korrikaren lehen kilometroak ere jarraitu zituzten, 20. Korrika abiatzeko saioan.
Iruñeko ekitaldia, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere hedabide horien webgunean (eitb.eus webgunean, besteak beste) eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahalko da zuzenean, eguerdian. Saio horretan, azken kilometroak eta amaierako ekitaldia ikusi ahalko dira, eta horrekin bukatuko da 20. Korrika.
Korrikaren hasiera eta amaiera EiTB Taldeko irratietan
Euskadi Irratiak Bizkaia Irratia, Euskalerria Irratia, Info Zazpi, Arrosa Sarea eta Euskal Irratiekin elkarlanean eman zuen hasierako ekitaldia. Aurreko edizioan telebistarako egin zen saiakera bera egitea erabaki du aurten Korrikak, eta Otxandioko zein Iruñeko ekitaldiak, biak egingo dituzte elkarlanean.
Otxandion, 16:00etatik 17:00etara izan zen saioa, lekukoa Otxandiotik irten artekoa. Martxoaren 30ean, emanaldi berezia izan zen 'Hiri Gorrian' saioaren barruan. Kontakizuna, Euskadi Irratiko Lander Eizagirrek eta Bizkaia Irratiko Ainhoa Larrazabalek egin zuten bertatik, jendartean izan ziren Info Zazpi eta Euskal Irratiko lankideekin konexioak eginez.
Azken egunean, 'Amarauna' saioaren barruan egingo da emanaldi bateratua. Euskadi Irratiko Gorka Otaegi eta Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakasta izango dira horren berri emateko arduradunak.
Radio Euskadik 'Graffiti' berezia izan zuen Korrika abiatu zen egunean. Galder Perez esatari nagusia bertan izan zen, eta Otxandiotik Gasteizera bitarteko bide guztian konexioak egin zituzten, arratsalde osoan zehar, Unidade Mugikorrean. 'Más Que Palabras' saioan etengabeko konexioak egin zituzten goiz osoan zehar.
Radio Vitoriak, berriz, martxoaren 30ean, 19:00etan, Korrika Gasteizera iritsiko zela eta, ordubeteko saio berezia egin zuen.
Egunez eguneko jarraipena eta ekimen bereziak
ETBri dagokionez, albistegietan kronika egingo dute egunero Korrikaren ibilbidearen berri emateko, eta EiTBko irratiek ere konexioak egingo dituzte egunero, eta arreta berezia eskainiko diote hiriburuetara heltzen denean.
ETBko eguneroko saioek ere arretaz jarraituko diote lasterketari. 'Ahoz Aho' programan, esate baterako, konexio eta elkarrizketak izango dituzte, ibilbidearen berri eman, eta Korrikan parte hartzen dutenen ahotsak eta irudiak jasoko dituzte. Jendeak bidaltzen dituen irudiak partekatzeko asmoa ere badu Amaia Cayerok aurkezten duen saioak. Asteon, ordutegi aldaketa izango du, 17:55etik 18:55era.
Korrikari buruzko aste berezia egin zuten 'Burubero' saioan, eta bertan jasotako dirua lasterketarentzat izango da. Ildo horretatik, 'Gu ta Gutarrak'ek apirilaren 4an, 18:00etan, egingo dute 'Gutar Kilometroa' Donostian, Elosegi hiribideko biribilgunetik hasita.
Web berezia Gaztean
Gazteak ere, zuzeneko konexioak egingo ditu Otxandiorekin eta Iruñearekin Korrikaren hasierako eta amaierako egun berezi hauetan. Halaber, Gaztearen atarian bilduko dira EiTBk Korrikaren inguruan egiten dituen eduki guztiak, baita zuzeneko emankizunak ere.