Aurrerapena (13. atala)
'Otto' urakanak aukeraketa egingo du 'El Conquistador del Caribe'n
EiTB
Gaurko atalean, gogor joko du konkistatzaileen kanpamentuetan, eta, ondoren, erabat aldatuko da jokoa ETBko realityan.
Gaurko atalean, Otto urakanak indarrez joko du "El Conquistador del Caribe" saioko lehiakideen kanpalekuetan, eta aukeraketa propioa egingo du. Ekaitza igaro eta gero, dena aldatuko da ETB2ko reality saioan.
Inoiz burutik pasatu ez zaien gaua, orain arteko gaurik latzena, igaro beharko dute abenturan jarraitzen duten lehiakideek. Otto urakana Iñigok irabazi zuen dueluaren erdian hasi zen Kolonbiako inguru hura astintzen. Orduek aurrera egin ahala, ekaitz tropikala gero eta gogorragoa izan zen, eta urakanaren azken hatsa izan bazen ere, gau latza eman zien konkistatzaile guztiei. Inork ez zituen espero urakanak utzi zituen ondorioak.
Duelua irabazi ondoren, urdinak kanpaleku aberatsean daude eta, printzipioz, ez dute arazo larririk izan behar. Komeria handiagoak dituzte gorriek eta berdeek; izan ere, kanpaleku txiroa eta oso txiroa, biak dira txarrak. Eguraldiaren eta itsasaldien arabera, batek daki bietako zein den hobea!
Gaua iritsitakoan, egoerak okerrera egin zuen. Euri-jasa etengabea izan zen egunak argitu arte: errekak bidetik irten ziren, zuhaitzak erori ziren... Baldintza horietan gaua oihanean pasatzea proba gogorra izaten da edozein abenturazalerentzat.
Horrela, ikus-entzuleak epel utziko ez dituen aukeraketa egingo du Karibeko "eguraldi atseginak". Otto urakanak mugarria jarriko du, eta, hura pasatu ondoren, dena izango da ezberdina "El Conquistador" lehiaketan.
"El Conquistador del Caribe" astelehenero izaten da ikusgai, 22:15 aldera, eitb.eus-en eta ETB2n. Aurreko atalak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude eskuragarri.