ETB1en eta ETB2n
Triano eta Galdames mendiak, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
EITB
Horrez gain, energia aurrezteko helburuarekin Valladoliden aurrera daramaten proiektua ezagutuko dute.
Aste honetako 'Teknopolis' Triano eta Galdamesko mendietan ibiliko da. Burdinazko mendia deitu zioten erromatarrek, baina XIX eta XX. mendeetan Euskal Herrian bizi izan zen industria iraultzan zehar hustu egin zuten, burdin-mea guztia atera zuten, eta, ordainetan, paisaia oso berezi bat utzi zuten. Lekua ikusgarria da, eta paradisu bat da espeleologoentzat, geologoentzat eta biologoentzat.
Bidaiatzen hasita, Valladolidera ere joango da aste honetako saioa. Energia aurrezteko proiektu handi bat dago martxan: auzo oso bat ari dira birgaitzen, 21 etxebizitza-bloke, 1.500 etxebizitza guztira. Proiektu europar horretan fatxadak berritu dituzte, biomasan oinarritutako berokuntza-sistema bat jarri dute eta Mondragon Unibertsitateak aplikazio bat garatu du etxebizitza bakoitzaren energia kontsumoa jaso eta bizilagunei erakusteko. Helburua auzoaren energia kontsumoa %50 murriztea da eta, bide batez, frogatzea halako birgaitze-proiektu handiak bideragarriak direla.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en; eta igandean, 10:00etan, ETB2n.
ETB2n.