Itxi

Gaur

Amancio Ortegari buruzko 'El hombre más rico del mundo' dokumentala, ETB2n

EITB

Leer en Castellano

Ehungintza alorreko munduko lehen inperioaren benetako istorioa eta Zara dendek mundu mailan lortutako arrakastaren gakoak aztertuko ditu.

Gaur gauean, ETB2El hombre más rico del mundo dokumentala eskainiko du, Amancio Ortega Zara inperio erraldoiaren sortzailearen benetako istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoa.

Denok ezagutzen dugu Zara, mundu osoko gizon, emakume eta haurrak janzten dituen arropa marka. Inditex munduko lehen ehungintza taldearen bitxirik ederrena da Zara. Berrogei urtetan mundu osoan zabaldu da, bost kontinenteetako hiririk garrantzitsuenetan barreiatutako 2.000 salmenta puntu baino gehiagorekin.

Zarak iraultza ekarri du modaren mundura, unean uneko moda tendentziak herritar ororen eskura jarriz. Zeintzuk dira bere arrakastaren gakoak?

Inperio handi honek A Coruñako Arteixo herrian eman zituen lehen urratsak, 60ko hamarkadan. Gaur egun bertan jarraitzen du egoten Inditex taldearen muinak. Herriko familia guztietan dago Zaran lan egin duen kideren bat, baina inork ez du Amancio Ortega ezagutzen.

1975ean, Zara marka sortu zuenetik, ez du inoiz elkarrizketa bat eskaini eta urtetan ez genuen bere irudirik ikusi. Berari buruz ezer jakin gabe eta publizitaterik gabe, 80 bilioi dolarreko ondarea biltzea lortu du. Amancio Ortegaren istorioak eleberri batetatik ateratakoa dirudi: familia txiro batean hazitako gizona, gogor lan eginez, munduko gizonik aberatsena bihurtu dena.

ETB2k ostegun honetan eskainiko duen dokumentalak Amancio Ortegak moda munduan egin duen ibilbidearen kontakizuna egingo du: hastapenak, Zararen sorrera eta etengabeko garapena. Halaber, mundu mailako arrakastaren sekretuak azalduko ditu.

Aztergai izango dituzte baita ere goi mailako marken eta diseinatzaileen aldetik jaso dituzten salaketak plagioa egiteagatik, 'fast fashion' deritzon kontzeptua eta denden kokapen estrategikoa. Jantzien ekoizpenaz ere mintzatuko dira: azpigaratutako herrialdeetan egiten da, lan baldintza kaxkarretan eta zenbait kasutan hondamendi naturalak eragin dituzte.

Modaren eta ehungintzaren alorrean adituak diren profesionalen partaidetza izango du saioak: Javier Blanco kazetari galiziarra eta De cero a Zara Ortegaren biografia ez ofizialaren egilea; Covadonga O'Shea, moda kazetari ezaguna; Sophie Fontanel, idazle eta kazetari frantziarra; Mark Tungate, idazle ingelesa; Jerome Narthelemy, unibertsitate irakasle eta estrategia korporatiboetan aditua, eta Mounir Hassine, Tunisiako Ekonomia eta Eskubide Sozialen Forum-aren presidentea, besteak beste.

Zararentzat lan egiten duten edo garai batean lan egindako pertsonen testigantzek, ezkutuan grabatutako irudiek eta Amancio Ortegaren 80. urtebetetzean grabatutako irudiek osatuko dute dokumentala.

El hombre más rico del mundo gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n.