22:30ean, ETB2n
'Guernica, el cuadro que cambió mi vida', gaur gauean, ETB2n
EITB
Picassoren koadroak gizon eta emakume ezberdinen bizitzan izan duen garrantzia azalduko duten istorio pertsonalen berri emango du dokumentalak.
Picassok margotutako Guernica koadroak arte garaikidearen historia aldatu zuen, eta mundu mailan, artelan ezagun eta preziatua bihurtu zen. Orain 80 urte Gernikan izandako bonbardaketa gogoratzen duen koadroa da, baina horrez gain, gerra guztiek ekartzen duten hondamendi eta sufrimenduaren irudia da. Mezu eta sentimendu sakonak transmititzen ditu, eta horregatik, hainbat pertsonen bizitzan oso toki berezia izan du. Gaur, ETB2n ikusgai izango den Guernica, el cuadro que cambió mi vida dokumentalak gizon eta emakume ezberdinen testigantzak bilduko ditu, koadroak haien bizitzan izandako garrantzia azalduko duten istorio pertsonalak.
Horien artean, Alejandro Sanz abeslaria, Chorche Paniello bildumazalea, Danel Abando boxeolaria eta Maitane Azurmendi diseinatzailearen istorioak izango dira entzungai. Hala ere, dokumentalaren erdiguneko istorioa Anamari Solanes 26 urteko argentinarrarena izango da. Bere birramama Gernikako bonbardaketan hil zen, eta bere amamak beti azaldu dio haren erro euskaldunen garrantzia. Amama hil zenetik, Anamari bizi da bere etxean, Buenos Aireseko Arrecife herrian, eta egunero ikusten du etxeko ormetako batean dagoen Guernica koadroaren erreplika. Bere familiaren istorioan sakontzeko eta jatorrietara itzultzeko momentua dela pentsatuko du, eta Gernikara joango da bere bertako senideak ezagutu eta Madrileko Reina Sofia museoan dagoen koadro originala ikustera.
Anamarik Argentinan duen bizitza ezagutuko du dokumentalak eta berarekin joango da Gernikara. Bertan, bonbardaketa biziraun zutenekin hitz egingo du eta bere senide euskaldunak ezagutuko ditu. Gainera, bere aitaren enkargu berezi bat bete beharko du: Gernikan, familiako baserrira joan eta haren amamaren oroimenezko objektu bat bertan lurperatzea.
Ostegunean ikusgai izango den dokumentalak bilduko dituen istorioen artean, Alejandro Sanz abeslari ospetsuenaren testigantza egongo da. Estatu Batuek Iraken aurkako gerra iragarri zutenean, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan dagoen Guernica koadroaren erreplika estali zuten, eta orduan erabaki zuen Alejandrok koadroaren hainbat osagai bere besoan tatuatzea. Zentsuraren kontrako koadroa eta artearen indarraren sinbolo bezala ikusten du abeslariak Guernica artelana.
Chorche Paniello bildumazalea, bere aldetik, aldarrikapen moduan Guernica hartzen duten pegatinak biltzen ditu, Picassoren lana Estatura bueltatu aurretik egindako pegatinak, hain zuzen ere.
Danel Abando boxeolari bilbotarrak ere koadroaren tatuajea du besoan. Bere aitite-amamen etxean ikusi du beti koadro ospetsuaren erreplika. Gure historiaren parte dela uste du, eta aldi berean, inoiz egin den artelan eder eta beldurgarriena.
Gainera, Zilbetiko eta Erroko haraneko auzokideen istorioa ezagutuko dute. Errepide bat egiteko proiektuarekin Zilbetiko pagadia suntsituko zutelakoan, bertako zuhaitzetan margotu zuten Picassoren koadroa margo ekologikoekin, Omako basoan zuhaitzak margotuta dauden moduan.
Horrez gain, Teresa Marcillaren hitzak ere entzungo dituzte. Oraindik koadroa debekatuta zegoen garaian oparitu zioten Teresari Guernicaren erreplika bat, eta ordutik mantentzen du bere etxean.
Amaitzeko, Maitane Azurmendi diseinatzailea ezagutuko dute. Picassoren artelana bere inspirazioa da eta bere lan eta sorkuntzetan argi ikusten da koadroak duen influentzia.
Guernica, el cuadro que cambió mi vida dokumentala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.