Kirolak zuzenean
Giroa eta Buruz Burukoaren finalerdia, gaur, EiTBn
A.A. | EiTB
Italiako lasterketaren 8. etaparen emanaldia 13:05ean hasiko da, eta Bengoetxea VI-Urrutikoetxea norgehiagoka, 17:30ean.
Italiako Giroaren 8. etapa jokatuko da larunbatean, Molfetta eta Peschici artean. Egunero bezala, ETBk eta eitb.eus-ek 13:05ean egingo dute bat lasterketarekin. 14:00etan izango du etenaldia ETB1en (ETB4n ikusi ahal izango da bitartean), eta 15:00etan izango da berriro ikusgai, bukatu arte. Helmugara iritsi arteko bidea, harrizko galtzada batean egiteak zaildu egingo du etaparen amaiera. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Alfontso Arroiok kontatuko digute gertatzen dena.
Txirrindularitza amaitutakoan, 17:30ean, 'ETB Kantxa' saioak Iruñeko Labrit pilotalekuko jaialdia eskainiko du. Partida nagusian, Buruz Buruko Txapelketako lehen finalerdia jokatuko dute Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak. Aurretik eta ondoren, binakako bi norgehiagoka izango dira ikusgai: Arretxe II-L. Galartza / Agirre-Erasun eta Artola-I. Zabala / Laso-Beroiz. Josetxo Lizartza, Jokin Errasti eta Xabier Andueza arituko dira esatari lanetan.