Kirolak zuzenean
Giroko 14. etapa eta Promozio Txapelketako finala, gaur, EiTBn
A.A. | EiTB
Emakumeen Eskubaloi Ligako Super Amara Bera Bera (Donostia) eta Prosetecnisa Zuazo (Barakaldo) taldeen arteko partida ere zuzenean emango da.
Larunbat honetan, ETBko eta eitb.eus-eko kirol eskaintzen lehen hitzordua Italiako Giroaren 14. etapa izango da. Etapa laburra den arren, 1. mailako Oropa santutegira iritsi arteko azken kilometroek ikusmin handia piztuko dute. Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute kontakizuna 13:30etik aurrera.
Txirrindularitza amaitutakoan, 17:30ean, Iruñeko Labrit pilotalekuarekin egingo dute bat Promozio Txapelketako finala eskaintzeko: Arteaga II-Bakaikoa. Partida nagusiaren aurretik, Agirre-Salaverri eta Ugalde-Merino I izango dira aurrez aurre, eta, ondoren, Olaizola II-Larunbe eta Elezkano II-Merino II. Josetxo Lizartzak gidatuko du emanaldia Jokin Errasti eta Xabier Andueza lagun dituela.
Eguneko hirugarren hitzordua Donostian izango dugu: Emakumeen Eskubaloi Ligako Super Amara Bera Bera (Donostia) eta Prosetecnisa Zuazo (Barakaldo) norgehiagoka izango da ikusgai 19:00etatik aurrera ETB4n eta eitb.eus-en. Iñigo Aiestaran eta Matxalen Zearsolo izango ditugu berriemaile Bidebieta kiroldegitik zuzenean.
Azkenik, 21:00etan, Etxarri Aranatz eta Aralarko San Miguel santutegiaren artean jokatuko den Emakumeen Euskal Birako 4. etaparen laburpena egingo du Alfontso Arroiok ETB1en eta eitb.eus-en.