09:00etan
'La píldora más deseada' dokumentala, gaur, ETB2n
EITB
Zeliakoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, gaixotasunaren nondik norakoak ezagutzera emango dituen ekoizpena eskainiko du ETB2k.
Zeliakoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, La píldora más deseada dokumentala eskainiko du gaur ETB2k, gaixotasun hau ondo ezagutzen duten profesionalen, erakundeen, enpresen eta pertsonen testigantzak bilduko dituen ikus-entzunezkoa.
Osasun alorreko profesionalek bermatuta, gaixoek dituzten arazoak azalduko ditu dokumentalak, tartean, laguntza ekonomikorik eza, gaixotasuna egoera kliniko bezala onartua ez delako. Gluten gabeko dieta bat eramatea da irtenbide bakarra, eta produktu horiek oso garestiak dira.
Glutenarekiko alergiaren ondorioz, hesteetako mukosan lesioak sortzen dituen asaldura kronikoa da gaixotasun zeliakoa. Garian, zekalean, garagarrean eta neurri txikiagoan oloan dauden proteina talde batek osatzen dute glutena. Zeliakoen gorputzarentzat proteina horiek mehatxu bat dira eta haien kontra borrokatzen du, hesteetan kalte ezberdinak sortuz eta elikagaiak xurgatzeko gaitasuna galduz.
Buruko mina, hantura, nekea eta anemia dira, besteak beste, gaixotasunaren sintomak, baina osteoporosia ere eragin dezake. Espainiako Zeliakoen Elkartearen arabera, estatu mailan, 100 lagunetatik bat zeliakoa da. Gaixotasunaren diagnosia egiten denean, pazientearen bizi kalitatea gutxitu egiten da (zeliakia graduaren arabera), eta gutxinaka gutxinaka hobetzen joango da gluten gabeko dieta bat jarraituz gero.
Baina jatea ez da soilik elikatzeko egiten dugun ekintza bat. Kultura eta elkarbizitzaren faktore askotan eragiten du: bizitza sozialaren parte handi bat janariaren inguruan egiten dugu. Bazkaltzera kanpora joan edo bidaiatzea benetako arazoak bihurtu daitezke zeliako batentzat, gluten gabe jateko aukerak nahiko murriztuta daudelako.
Ondorioz, gluten gabeko dieta bat aurrera eramateak ohitura aldaketa bortitza dakar, eta askotan arazo emozionalak sortu ditzake. Gorrotoa eta frustrazioa ohiko sentimenduak dira gaixotasunaren lehen faseetan, eta harreman gaitasun gutxi dituzten pertsonek gainera, etorkizunean gizarte-fobia bat garatzeko arriskua dute.
La píldora más deseada larunbatean izango da ikusgai, 09:00etatik aurrera ETB2n.