Itxi

ETB1en

Martxel Mariskal gonbidatu, 10:30ean, 'Sautrela' saioan

EITB

Leer en Castellano

Gainera, Gernikako bonbardaketaren inguruko literatura aztertu, eta In between days filma ezagutuko dute.

Martxel Mariskal poeta izango da 'Sautrela' saioan gonbidatu gaur. Lisabo taldearentzat idatzitako letrengatik ezaguna bada ere, ibilbide oparoagoa egin du aurretik ere. Musikari gisa lan nabarmena egin zuen 90eko hamarkadan, Beti Mugan taldeko kide izan zenean, eta nobela bat argitaratu zuen gaztelaniaz 2002. urtean: Me llamo Ezequiel y así será siempre. Orain bere lehen poema liburuarekin etorri zaigu, Susa argitaletxeak plazaratutako Azken zakatzak lanarekin. Mundu aski berezia osatzen duen liburua da, idazkera landu eta indartsuduna. Han azaltzen zaigu itsasoaren iruditegi partikular bat, egungo gizartearekiko ikuspegi kritikoa, gaixotasunarekiko harremana eta beste zenbait kontu.

Ezagun denez, apirilean bete berri dira 80 urte faxistek Gernika bonbardatu zutela. Horren harira, aste honetako erreportajean bonbardapeko literatura eta, zehazki, Gernikako bonbardaketaren inguruko literatura izango dugu mintzagai. Iñigo Aranbarrik eta Iratxe Retolazak aletuko dizkigute gai horri buruzko xehetasun eta jakingarriak. Nola irudikatu da Gernikako bonbardaketa euskal literaturan? Eta gainerakoetan? Nola idatzi dute poetek eztandaren osteko isiltasunean?

Lur Olaizolak In between days filma izango du hizpide saioaren bukaeran . Naomi Kawase eta Isaki Lacuesta zinemagileek osatua, eskutitz-truke bat irudien bidez nola osa litekeen arakatu zuten. Literaturan nobela epistolarrak dauden gisara, kasu honetan korrespondentzia filmikoen generoaren baitan sar daitekeen filma egin zuten Kawasek eta Lacuestak. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango dituzte halaber.

Sautrela larunbatero izaten da ikusgai, 10:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

 

g>-en.

 

Informazio gehiago (1)