Itxi

Estreinaldia

ETB2k 'Menos es Más' saioa estreinatuko du gaur gauean

EITB

Leer en Castellano

Astero, eztabaida gai bat ardatz hartuko duen erreportaje bat eskainiko du saioak, eta Iñaki Elorza eta Leire Argandoña kazetariek gaiaren ikuspegi ezberdinak azalduko dituzte.

Gaur gauean, ETB2k 'Menos es Más' erreportaje saio berria estreinatuko du. Astero, eztabaida gai bat jorratuko dute erreportajeek, eta Iñaki Elorza eta Leire Argandoña kazetariek gaiaren ikuspegi ezberdinak aztertuko dituzte, bata eta bestea kontrajarrita.

Horretarako, hainbat baliabide erabiliko ditu saioak. Eztabaidaren alde bakoitzaren ordezkari izango diren bi euskal herri hartuko dituzte, eta gai horren inguruan ikuspegi ezberdinak dituzten pertsonak elkarrizketatuko dituzte, baina pertsona hauek ez dira pantailan aldi berean agertuko. Gainera, bi aditu aurrez aurre arituko dira solasean, bakoitzak horretaz duen iritzia defendatzen. Amaitzeko, hainbat talde eta elkartetako lagunak elkarrizketatuko dituzte, herritarren iritzia biltzeko. Informazio hori guztia ikerketa sozialetan oinarritutako datuekin osatuko dute bi kazetariek. 'Menos es Más' astelehenetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.

Lehen atala

Gaur gauean, 'Menos es Más' saioak Cuerpos de verano: ¿Nos sacrificamos o nos resignamos? atala eskainiko du. Gai horri buruzko bi alde kontrajarrien ordezkari moduan, bi herri aukeratuko ditu saioak. Batetik, Bizkaiko hondartza turismoaren hiriburuan izango dira, Sopelan, hain zuzen ere. Surfa, hondartzako terrazak eta gorputza gurtzea eguneroko gauza bihurtu dira bertan. Bestetik, Tolosara joango dira, euskal gastronomiaren janaritegira. Bertakoak lurreko produktuen eta ondo jatearen defendatzaile sutsuak dira.

Leire Argandoña eta Iñaki Elorza kazetariak bi herrietako auzokideekin arituko dira eta ikuspegi ezberdinak azalduko dituzte, betiere, ikerketetan oinarritutako datuekin kontrajarriz.

Saioak, gainera, Ruben Castillero aurtengo Mister España modelo bilbotarra, Nekane Cuellar curvy modeloa eta Oscar del Hoyo Bilboko influencer ezaguna elkarrizketatuko ditu. Halaber, Mitxel Santamaria (50 kilo galdu zituen eta ondoren beste hainbeste hartu zituen aktorea) eta Mari Carmen Garcia (102 kiloko pisua izatetik 72 kilokoa izatera igaro den emakumea) hartuko dituzte, horien kasuak ezagutzeko.

Amaitzeko, denetariko jatorri eta ezaugarriak dituzten taldeetako kideen iritziak bilduko ditu saioak. Gainera, Rosa Sarabia medikua eta Hugo Iglesias dietista-nutrizionista aurrez aurre jarriko dira, eta, besteak beste, dietez eta ebakuntza estetikoez arituko dira, osasunaren eta estetikaren arteko mugak zein diren argitzeko.

Hurrengo ataletan, besteak beste, seme-alabak izateak dakartzan gastu ekonomikoei aurre egiteko gai garen ala ez aztertuko dute, eta gaueko festa giroa eta auzokideen atsedenaldia bateragarriak diren ala ez.

Saioko lantaldea

Gerardo Fernandez Llana kazetariak zuzentzen duen saioa da. Fernandez 'Toma y Daca' eta 'Al Cabo de la Calle' saioak zuzendu ditu aurretik, eta 'Rifi-Rafe' saioan zuzendariorde izan da. Leire Argandoña eta Iñaki Elorza kazetariek gidatuko dituzte erreportajeak. Leire Radio Popular Bilboko irratiko kazetaria da, eta Iñaki, berriz, ETBko 'Euskadi Directo' eta 'Equipo de Redacción' saioetan aritu da kazetari lanetan.

n.

Informazio gehiago (1)