Audientzia
'Itsasontzi Baten' saioak estreinaldi arrakastatsua izan zuen igandean
EITB
Gainera, asteburuko estropaden emanaldiek eta larunbateko 'Sanferminak 2017' saio bereziak ere audientzia datu onak lortu zituzten.
Igande honetan ETB1ek estreinatu zuen 'Itsasontzi Baten' saio berriak audientziaren harrera bikaina izan zuen. Ibon Gaztañazpik eta Maitena Salinasek gidatutako saioak %4,9ko audientzia zatia eta euskaldunen artean %9,3ko kuota lortu zituen. Gainera, 148.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zuen Euskadin eta eragin eremuan.
Bi aurkezleek belaontzi batean zeharkatuko dute Euskal Herriko kostaldea eta itsasoarekin lotutako istorioak ekarriko dituzte astero. Lehenengo atalean Mutrikun eta Ondarroan egon ziren.
Estropadak, audientzia-buru
Igande goizean, Giroa-Veolia Banderaren zuzeneko emanaldia audientzia-buru izan zen. Eusko Label Ligako estropadak %14,1eko audientzia zatia - euskaldunen arteko %24,3ko kuota - eta 76.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan. Bestalde, aurretik jokatutako Euskotren Ligako jardunaldiak %8,2ko audientzia zatia eta euskaldunen artean %10,9ko kuota bereganatu zituen.
Larunbateko arraun emanaldiak ere audientziaren babesa izan zuen. Orioko Kanpina Bandera jokoan, Eusko Label Ligako probak %8,0ko audientzia zatia - %12,3koa euskaldunen artean- eta 135.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen. Eusko Tren Ligakoak, bere aldetik, %5,5ko audientzia zatia, euskaldunen arteko %7,3ko kuota eta 69.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen.
'Sanferminak 2017'
Aipagarria da, gainera, larunbatean ikusgai izan zen 'Sanferminak 2017' saioa bereziak lortutako datuak. Ilaski Serranok aurkeztuta, Lesakako San Fermin jaietako eguneko momenturik onenak bildu zituen eta 'Tafallako Jota Jaialdia' eskaini zuen. Saioak %4,7ko audientzia zatia eskuratu zuen, euskaldunen artean %11,0ra iritsiz. Horrez gain, 57.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zuen Euskadin eta eragin eremuan.