Go!azen
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta 'Go!azen', elkarlanean
A.A. | EiTB
Fernando Velazquezek 'Go!azen' abestiaren bertsio sinfonikoa moldatu du eta orkestrako musikariek joko dute telesaileko lehen atalean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta ETBko 'Go!azen' telesaileko lan-taldea elkarlanean dabiltza. Fernando Velazquez konpositoreak 'Go!azen' abestiaren bertsio sinfoniko eta luzeago bat egin du eta berau telesaileko denboraldi berriko lehen atalean entzun eta ikusi ahal izango dugu EOSeko kideen eskutik.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko 50 musikarik baino gehiagok hartu dute parte sekuentzia horren grabaketan, orkestrak Miramonen (Donostia) duen egoitza inguruetan, ostegun honetan (abuztuak 3). 'Go!azen'eko protagonistek bertsio honetarako moldatua izan den letra berri bat abestu eta dantzatu dute.
Hasierako sekuentzia honek La La Land musikal arrakastatsuari keinu egingo dio. Damien Chazellek zuzendutako filmean bezala, Basakabira bidean sortuko den auto pilaketa batean hasiko dira 'Go!azen'eko protagonistak abesten eta dantzatzen.
Aurreko bi denboraldietan bezala, 'Go!azen' abestiaz gain, euskal talde ezberdinen kanta ezagunak abestu eta dantzatuko dituzte: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak, The Uski´s, Enkore…
Hain justu, Xabi Hoo abeslaria buru duen Enkore taldearen 'Ozen oihukatu' abestiaren bertsio berrian, telesaileko protagonistek Kukai dantza taldearen laguntza izan dute. Joan den astean grabatu zuten sekuentzia hori Azpeitian Jon Mayak zuzentzen duen konpainiako kideekin.
Musika eta dantza estilo ezberdinak, umorea eta maitasunarekin batera, izango dira ETBk eta Pausokak ekoiztutako telesailaren denboraldi berriko ardatzak. Hamahiru atal osatuko dituzte Basakabi udalekuko abenturekin, udazkenetik aurrera ikusgai izango ditugunak.