Itxi

Saio berria

'Juego de Cartas' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n

EITB

Leer en Castellano

Sukaldaritza espezialitate bera duten Euskal Herriko lau jatetxe aurrez aurre jarriko dira, Javi Sierra sukaldariak aurkeztuko duen saioan.

ETB2k 'Juego de Cartas' saio berria estreinatuko du gaur. Gastronomia, bat-batekotasuna eta umorea uztartuz, saioak Euskal Herriko lau jatetxe jarriko ditu aurrez aurre astero. Bost kategoria ezberdinetan lehiatuko dira jatetxeak, eta lehiakideek erabakiko dute horietako zein den onena.

Hainbat herrialdetan arrakasta izan duen 'My Restaurant Rocks' saioaren egokitzapena dugu 'Juego de Cartas', eta Javi Sierra sukaldaria, Guardiako Capricho de Baco jatetxeko nagusia, izango du gidari. Magnolia TV eta New Media Euskadi ekoiztetxeek EiTBrekin batera egindako saioa astelehenetan izango da ikusgai 22:30etik aurrera, ETB2n.

Saioaren dinamika

Sukaldaritza espezialitate bereko Euskal Herriko lau jatetxek parte hartuko dute saio bakoitzean. Euren artean hoberena nor den erabakitzeko, bost ezaugarri izango dituzte aztergai: espazioa, azpiegitura eta sukaldearen antolamendua, menua, zerbitzua, eta kalitatearen eta prezioaren arteko harremana.

Lehiakideek egingo dituzte epaile lanak, eta besteen lan egiteko eta negozioa aurrera eramateko moduaz iritzia eman beharko dute: egokia den edo ez, zer hobetu beharko lukeen, laudoriorik merezi duen... Javi Sierra aurkezlearen laguntza izango dute horretarako. Guztien artean erabakiko dute zein jatetxek eramango duen saria.

Lehen programa, Bizkaia

'Juego de Cartas' saioaren lehenengo atalean, Bizkaiko lau jatetxe hartuko dituzte protagonista: Loiuko Aspaldiko, Zornotzako Harrison Etxea, Morgako Katxi eta Muxikako Remenetxe. Javier Villarrek, Maia Asenovak, Joserra Ormaetxeak eta Rosa Mari Etxeandiak, banan-banan, bere jatetxearen ateak zabalduko dizkiete gainerakoei. Lau jatetxeak bisitatu ondoren, bakoitzak bere iritzia emango du.