Itxi

22:15ean

Gazteen oporrak eta denbora librea, gaur gauean, 'GazteOK' saioan

EITB

Leer en Castellano

Sei youtuber gazte eta euskaldunek beren bizipenak erakutsiko dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ETB1ek gaur gauean eskainiko du 'GazteOK' saioaren bigarren atala. Saioak sei youtuber gazte eta euskaldunen bizipenak erakutsiko dizkigu, denbora librea eta oporrak hizpide hartuta. Nora bidaiatzen dute gazteek? Norekin? Oporleku jendetsuak edo lasaiagoak dituzte nahiago? Relax edo dibertsio bila dabiltza?

Iban Garcia eta bere ikaskideek aurten bukatuko dituzte ikasketak, eta, hori ospatzeko, Erroma eta Malta bisitatuko dituzte. Zer egingo du gazte kuadrilla honek mini-opor hauetan? Lo egin, seguru ezetz!

Ahal duenean motxila hartzen duena Judit Astigarraga da; Juditsite, Youtuben. Lagun batzuekin Nafarroako Pirinioetara joango da, hainbat tontor zapaltzea helburu dutela. Lortuko al dute?

Osteguneko saioak, gainera, Beñat ezagutuko du, Larrusketch ezizeneko irundarra. Ume arima duela aprobetxatuta, bizikleta hartu eta Txingudiko Badiako txokorik politenak erakutsiko dizkigu, haurtzaroko oroitzapenen bila.

Karla Martinez bilbotarra ere estreinakoz egongo da 'GazteOK' saioan. Karla ezagututa, berehala ulertuko dugu YouTuben duen kanalak zergatik duen KarlaAlwayshappy izena. Ur termaletan murgilduta, edo dinosauroen oinatzen artean, inork ezin baitio ezabatu aurpegian duen irribarre polit hori.

Bestalde, Ibonek eta Nereak, gure lehengusu-lehengusina bikoteak, oporleku jendetsuetatik ihes egiten dute. Nahiago dituzte leku lasaiagoak. Baina gaur ikusiko dugu askotan zaila dela hainbeste maite duten lasaitasun hori aurkitzea.

Dena den, badago oporretan joan nahi edo behar ez duenik ere, herriko jaiak nonahi eta ugari baititugu udan gure inguruan. Horregatik, Etxe Txiki Bihotz Handi kanaleko anai-arrebek lehiaketa gastronomiko batean parte hartzeko aprobetxatuko dute beraien egun librea.

'GazteOK' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bideoak (1)