22:30ean
'Con el Verano a Cuestas' saioak denboraldia agurtuko du gaur gauean
A.A. | EiTB
Oporrei agur esan eta egunerokora itzultzeko gogo gutxi duten hainbat lagunekin izango dira Araba, Nafarroa eta Burgosko hainbat kanpinetan, 22:30etik aurrera.
Uda amaitzearekin batera, 'Con el Verano a Cuestas' saioak denboraldia agurtuko du gaur gauean. Oporraldiaz azken unera arte gozatzeko aukera izan eta egunerokora itzultzeko gogo gutxi duten hainbat herritarren istorioak bilduko dituzte.
Hasteko, Caravaning Alava elkarteko kideek denboraldiari agur esateko Argantzunen egindako jaian egongo dira. Gero, Jon Anderren urtebetetzea ospatuko dute El Brezal kanpinean, karaoke eta guzti.
Burgos aldean, La Isla kanpinean dauden herritarrekin mintzatuko dira. Horietako askok urteak eman dituzte Friasko kanpinera joaten. Baina duela bi urte izandako uholdeek hura suntsitu zuten, eta aurten leku berrira egokitzen eman dute uda.
Amaitzeko, Tafallako Campo de Reyes kanpineko bezeroek uda nola agurtzen duten erakutsiko dute. Ez da ohiko kanpin bat, Mongoliako etxolen pareko kanpin-dendak dituzte.
'Con el Verano a Cuestas' 22:30ean izango dugu ikusgai eitb.eus-en eta ETB2n.
ng>