Itxi

22:15ean

'Oinak Lurrean' dituen jendea erakutsiko du Iker Galartzak gaur gauean

A.E. | EiTB

Leer en Castellano

Lau lagunen historia bilduko du saioak, zein baino zein bitxiagoak. Bizitzako une erabakigarrienetan oinak lurrean eduki behar direla erakutsiko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur gauean, oinak lurrean dituen jendea erakutsiko du Iker Galartzak, ETB1en prime timean. Bizitzeko ezinbestekoak dira ametsak, baina une erabakigarrienetan lurrean izan nahi ditugu oinak. Oinak lurrean dituen jende arrunta aurkeztuko digu Iker Galartza aurkezle eta aktoreak ETB1eko saio honetan. Oinak lurrean, benetako garrantzia duten gauzez arduratzen direlako, eta, oinak lurrean, benetan lur gainean izaten dituztelako beren oinak.

Guztira lau istorio, zein baino zein bitxiagoa. Esaterako, Britainia Handitik etorritako Joseba Attard hartuko du, Bedaroako Olabe baserria biziberritu nahi duen disenaitzaile grafiko, surflari eta artile-moztailea. Emaztearekin batera, 400 urteko baserri bat berritu nahi du kultur topagune bihurtzeko. Baserria txukundu bitartean, Mongoliatik ekarritako etxola batean bizi da, emaztearekin eta alaba txikiarekin.

Gabiriako Baztarrika baserria ere bisitatuko dute. Baserria emakumeen ardurapean izan da betidanik. Hasieran amona izan zen, gero Amelia, ama, eta orain Eli, alaba, da baserriko eginkizun guztien arduraduna. Ehunka ardi dituzte, eta Idiazabalgo gazta egiten dute. Baratzeko lanak eskulturarekin uztartu daitezkeela erakutsiko digu aitak.

Saioan azalduko diren hurrengo protagonistek ere lurrean dituzte oinak, baina orain dela urte batzuk, oinak ez ezik, kemena ere zuten lurrean. Joxeanek eta Jabik, ezbeharrei aurre eginez, lurretik altxatu eta beren bidea topatu dutela erakutsiko digute. Karakola eta barea bezalako bikotea da, eta, hain zuzen, karakola eta barea dira, gezurra badirudi ere, euren amesgaiztorik handiena. Joxean baratzeaz arduratzen da eta Jabi saltzaile lanetan ibiltzen da, merkatuan eta etxez etxe, neurrira egindako barazki sortak banatzen.

Bukatzeko, Oierren istorioa ezagutuko dugu. Ospitaletako larrialdietan bezala, egunean 24 ordu ematen ditu ezustekoei adi. Baina Oierren gaixoek berezitasun handia dute: lau hankako pazienteak dira. Oier albaitaria da, eta batera eta bestera ibiltzen da furgonetarekin, baserriz baserri animaliak sendatzen, ernaldien jarraipena egiten, eta psikologo lanak egiten. Psikologo lanak… abereen zenbait jaberekin!

Guztiek beren ametsak kontatuko dizkiote Iker Galartza aurkezleari 'Oinak Lurrean' saioan. Buruan dituzten ametsak azaltzeaz gain, oinak lurrean dituztela erakutsiko digute gaur, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

a>-en.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)