ETB1EN ETA ETB2N
Julia Juaniz aurtengo Zinemira saria, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Horrez gain, Zinemaldian aurkeztu berri den Elkarrekin-Together filmaren zuzendariekin arituko dira: Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa.
Donostiako Zinemaldia izango du ardatz aste honetan ere 'EiTB Kultura Transit' saioak. Oraingoan, Zinemira sariarekin nabarmendu duten Julia Juaniz muntatzaile nafarra hartuko dute protagonista. Madrilen egingo diote bisita, bertan baitu lantokia.
Lan eta adore handiarekin lortu du aurrera egitea. Muntaia egoki baten garrantziaz eta ezaugarriez mintzatuko da, eta bere sortzaile nortasuna erakutsiko du, bideosormen, argazki eta collageekin.
Azken urteetan Ameriketako Estatu Batuetako ekoizpenetan dihardu lanean. Une honetan, John Travolta protagonista duen film baten muntaia du esku artean. Aurretik, 60 pelikula baino gehiagotan parte hartu du izen handiko zinemagileekin batera: Saura, Erice, Garcia Patiño, Mercedes Alvarez eta Alberto Morais... Horren film ezagunenen artean, Goya en Burdeos, Iberia, Tango eta El cielo gira dokumentala dira aipagarriak. Lehenengo bi tituluekin, gainera, izendapena lortu zuen Goya sarietan.
Elkarrekin-Together
Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa dira aste honetako Sortzaileak ataleko protagonistak. Zinemaldian aurkeztu berri den Elkarrekin-Together filmaren zuzendariak dira. Filmak euskal arkeologo talde baten ikerketa-lana kontatzen du. Garai bateko euskal baleazaleen arrastoen bila AEBko ekialdeko uharte txiki batera, Placentiara, joango da espedizioa, Xabier Agote Albaolako zuzendariak gidatuta. Antzinako arrantzale eta indigenek elkarlan harremana bizi izan zutela demostratu nahi du taldeak, haiek ere bertakoekin lankidetzan lan eginez.
'EiTB Kultura Transit' gaur gauean izango da ikusgai ETB1en (23:15), ETB2n (00:30) eta eitb.eus-en.