Programazio berezia
Kataluniako erreferendumari jarraipen berezia, EiTBn
A.A. | EiTB
Urriaren 1ean gertatutakoaren analisia eta balorazioa egiteko eguna izango da gaurkoa telebistan, irratian eta interneten.
EiTBko hedabideek jarraipen berezia egin diote iganderako deituta zegoen Kataluniako erreferendumari.
Atzo gertatutakoaren analisia eta balorazioa egiteko eguna izango da gaurkoa. ETB1eko 'Egun On Euskadi' albistegian, Estepan Aldamiz-Etxebarriak Juan Mari Juaristi, Mikel Aramendi, Onintza Enbeita eta Galder del Campo izango ditu solaskide. Halaber, gonbidatu bereziak izango dituzte Kataluniatik zuzenean.
Arratsaldeko 'Ahoz Aho' saioan ere, Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok Kataluniako gertaerak izango dituzte hizpide nagusi.
ETB2ko 'En Jake' saioa berezia izango da, goizeko bederatzietan hasi eta ordu biak arte. Xabier Lapitzek Bartzelonatik eta Arantza Ruizek Bilbotik, erreferendumaren biharamuna eta Kataluniaren etorkizuna aztertuko dituzte. Kolaboratzaileek eta gonbidatu bereziek euren ikuspuntua emango dute.
Arratsaldean, berriz, 'El Programa de Klaudio' saioak ere Kataluniari begiratuko dio. Miramongo platoan ohiko solaskideekin aktualitatea aztertzeaz gain, Bartzelonako setean Adela Gonzalez izango dute gonbidatu bereziekin.
Euskadi Irratia
Maite Artola Bartzelonatik ariko da, Oihane Yustos, Oihane Perez eta Aritz Agirre lankideekin, Katalunian jazotzen den guztiaren berri emateko Euskadi Irratian. Gaur goizean, Bartzelonako Euskal Etxetik zuzenean egingo du 'Faktoria'ren lehen zatia Maite Artolak eta bere lantaldeak, 08:00etatik 10:00etara.
Radio Euskadi
Radio Euskadin, Dani Alvarez buru duen lantaldea Bartzelonatik aritu da. Iñaki Gomez, Iratxe Ruiz eta Maria Diaz batetik bestera ibili dira, albistea non beraiek han. Goizean, 'Boulevard' Bartzelonatik zuzenean egingo da, 08:00etatik 10:00etara.
eitb.eus
Orobat, eitb.eus-en arreta berezia eskaini zaio urriaren lehenengoari. Katalunian gertatu den guztiaren kontakizun idatzia egin da minutuz minutu, jasotako bideoak eta argazkiak tartekatuz. Irratsaio eta telebista saio bereziak zuzenean jarraitzeko aukera izan da internet bidez.