Astelehenetik aurrera
'Arratsaldero' saio berria, Estitxu Fernandez eta Oihan Vegarekin
A.A.
EITB
Informazio, eztabaida eta entretenimenduz beteriko kutxa-programa hau hiruretatik zortzietara egongo da ikusgai ETB-1en astelehenetik ostiralera.
"Arratsaldero" euskarazko makro-magazina estreinatuko du Euskal Telebistak datorren astelehenean, urriaren 4an. Informazio, eztabaida eta entretenimenduz beteriko kutxa-programa hau bost orduz luzatuko da ETB-1eko programazioan, hiruretatik zortzietara bitartean. Saioaren gidari lanetan eskarmentu handiko bi aurkezle arituko dira: Estitxu Fernandez eta Oihan Vega.
ETB-1ek denboraldi berrirako duen apusturik handiena da "Arratsaldero". Askotariko gizarte gaiak eta gaur-gaurko edukiak jorratuz euskal geografiako etxe guztietara iristeko modua egingo du, adin guztietako ikus-entzuleentzat ardatz izatea baitu xede nagusi. K2000 s.a.u enpresak ekoiztuko du, Iñaki Urdanpilletak zuzenduta. Barne produkzio aldetik erronka handia izango da saio hau. Urtean 1.000 barne produkzio ordu egingo ditu ETBk "Arratsaldero" saioarekin.
Programak arratsaldeko 15:00retan hasi eta 20:00ak arte gure inguruan gertatuko den guztiaren berri emango du eta zuzen-zuzenean egongo da Euskal Herriko edozein txokotan Xabier Mendia eta Inma Zabaletaren eskutik. Platoan, berriz, Estitxu Fernandez eta Oihan Vega aurkeleek, solaskide bizienez gain, erreportari trebeenak izango dituzte lagun: Agustin Ezenarro, Amaia Artetxe eta Iñigo Agirre, besteak beste.
Egunero, hiru atal informatibo eta aholku-emaile egongo dira, bakoitza 15-20 bat minutukoa. Izan ere, kontsulta-izaera hori funts-funtsezkoa da, "Arratsaldero"ren oinarri nagusietakoa ikus-entzuleekin harreman zuzena izatea izango baita. Hartara, ikusleek telefono bidez argibideak eskatu ahal izango dizkiete saioko espezialistei, bai medikuntzaren alorrean, bai legedi kontuetan, baita aisialdirako planak egiterako orduan ere.
Ahalik eta gertutasun handiena lortu nahi dute ikus-entzuleekin. Saioan parte hartzera gonbidatuko dituzte, kontsulta tarteetan ez ezik, lehiaketetan ere bai. Gainera, atsegin dituzten gaiak jorratuko dituzte, hala nola, abere eta maskotak, dekorazioa, baratzezaintza, lorezaintza, ariketa fisikoa, estilismoa, sukaldaritza...
Aurkezleak
Bazkalostetik ilunabarrera, zuzen-zuzenean, saio arin eta fresko honen gidaritza Estitxu Fernandez eta Oihan Vegak eramango dute.
Estitxu Fernandez telebistako aurkezle bikaina da eta EITBren jarraitzaileentzako erreferente benetakoa. Euskal katean ibilbide luze eta oparoa osatu du lesakarrak ("Su Festa", "Bertatik Bertara", "Sorginen Laratza", "Bexamela", "Bizizaleak", "Euskal Kantuen Gaua", "Supernanny", "Tartaria", kirolak...). Euskaraz zuzen eta natural jarduteko erraztasuna erakutsi du beti.
Oihan Vegari dagokionez, komunikatzeko energia eta gaitasun mugagabeak dauzka bergararrak. Musikaria da -Belceblues taldean bateria jotzen du-, Gaztea irratiko esataria izan da eta telebistarako jauzia ere eman du "Gaztea Klip" eta "Kerman, Mintzalagun Bila" saioei esker. Euskal ikuslearen beharrizanetara erraz eta naturaltasunez moldatzeko gauza da, eta hain berea duen bat-batekotasunari esker, DJ perfektua da eta Estitxu Fernandezen bikote ideala.