Itxi

Astelehenetik aurrera

'Kerman, Mintzalagun Bila'ren denboraldi berria

A.A.

EITB

Fernando Ruiz donostiar aktoreak ordezkatuko du Oihan Vega saioaren atal berrietan.

Datorren astelehenean, urriak 4, "Kerman, Mintzalagun Bila" programaren denboraldi berria estreinatuko du ETBk, protagonista berriarekin. Fernando Ruiz donostiar aktoreak ordezkatuko du Oihan Vega saioaren atal berrietan. Baina hori ez da izango berrikuntza bakarra.

Bigarren denboraldi honetan hazi egingo da Kermanen familia. Horrela, Kermanen ondoan bigarren mailako pertsonaiak azaltzen joango dira pixkanaka. Pertsonaia horiei esker, kermanzaleek hobeto ezagutuko dute Kermanen unibertso berezia. Eta Kermanek aukera izango du hizkuntz baliabide konplexuagoak lantzeko.

Bestalde, kareta eta grafismo modernoagoak izango ditu programak; euskara arau berriak jorratuko dira ere (beti bezala HABEren irizpideei jarraiki); eta herri eta egoera berrietan ikusiko ditugu Kerman eta bere lagunak.

Fernando Ruiz aktorea da eta publizidadean, telebistan ("Martin" telesailean) nahiz zineman (La buena nueva) aritua da. Irakasle lanetan ere ibiltzen da eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen belaunaldi berriaren partaide da.

85 atal berri

Udako hiletan merezitako oporrak hartu ondoren, gogotsu ekingo diote Kerman eta bere mintzalagunek urrian hasten den kurtso berri honi. Astelehenetik hasita, "Kerman, Mintzalagun Bila" saioaren 85 atal berri eskainiko ditu ETBk.

Programa 3Koma ekoizpen-etxeak ekoizten du eta aurreko denboraldian bezala, euskara eguneroko bizimoduan sustatzea eta horretarako behar diren baliabide gramatikalak eskaintzea du helburu. Horretarako, HABEk Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluan jasotako komunikazio helburuak eta hizkuntza trebetasunak kontuan hartzen dira saioan.

Era guztietako egoerak eta mintzalagunak

Aurreko denboraldian bezala, atal bakoitzean, protagonistak hizkuntza egitura oso jakinak landuko ditu, betiere egoera arruntetan eta baliagarrietan txertatuta. Saio bakoitzean, Kerman inguru batean agertuko zaigu (azokan, kiroldegian, botikan, tren geltokian...) eta egoera horietako bakoitzak bere-bereak dituen komunikazio helburuak landuko ditu (norbere burua aurkeztu, zalantza adierazi, desadostasunaren berri eman...)

Kermanek kaleko jendearekin egingo du hitz joaten den toki bakoitzean. Mintzalagun horiek kaleko euskaldunen freskotasuna eta aberastasuna ekarriko dituzte. Bestalde, denboraldi berri honetan, bere lagun edo senideen papera egingo duten pertsonaia finkoak izango ditu ere saioak. Hauekin, hizkuntz baliabide konplexuagoak lantzeko tartea izango du Kermanek.

Programa bakoitzak bost minutu iraungo du, ikusteko zail eta astun ez izateko helburuari jarraiki. Hala, egunean hainbat aldiz errepikatuko dituzte ETBren kateetan (1,2,3).


Saio laburrak eta independenteak

Gainera, programa bakoitza independentea izango da, eta ez da hurrengoa ikusi beharrik izango aurrekoak edota hurrengoak ulertzeko.

Izango dituen elkarrizketetan Euskal Herriko txokoak, herritarrak, azentuak eta istorioak agertuko dira. Hala, elkarrizketa horiek helburu bikoitza izango dute: batetik, egoera horietan ohikoak diren akatsak zuzentzea, eta, bestetik, euskaraz mintzatu nahi duenari egoera horietan moldatzeko baliabideak eta makuluak eskaintzea (gramatikaren, hiztegiaren edota esamoldeen aldetik).


Bideoak (1)