Itxi

22:30ean

'De Santimamiñe al Guggenheim' dokumentalaren estreinaldia, gaur gauean

EITB

Leer en Castellano

Guggenheim Bilbao Museoa posible egin zuten pertsonen testigantzak bilduko ditu saioak.

Gaur gauean, De Santimamiñe al Guggenheim dokumentala estreinatuko du ETB2k. Korrontearen kontra egindako apustu baten istorioa da, aldaketa beharrean zegoen gizarte batek etorkizunaren alde egindako apustu ausart baten istorioa, hain zuzen ere.

Guggenheim Bilbao Museoa posible egin zutenen testigantzek eta istorio pertsonalek osatzen dute dokumentala. Apustu zail eta ausart hori babesteko arrazoiak eta horrek ekarri zuen erronka handiari aurre egiteko behar izan zuten energia eta ziurtasuna gogoratuko dituzte protagonistek.

Halaber, eutsi, aldatu eta aurrera egiten duen herri baten istorioa azaltzeko, duela 13.000 urteko Santimamiñeko kobazuloetako margoak hartuko ditu saioak abiapuntu.

Donostiatik New Yorkera, Pittsburg eta Arabako Errioxa tarteko, bidaia luzea egingo du dokumentalak, eta hainbat desafiori aurre egiteko ezohiko indarra erakutsi duten hogei protagonista topatuko ditu; zientzialariak, poetak, margolariak, musikariak, arkitektoak, ingeniariak, enpresariak eta kooperatibistak, tartean.

Horien istorio pertsonalek osatuko dute dokumentalaren muina: gainditzea, moldatzea eta erresilientzia, etorkizuna eraikitzeko hiru zutabeak.

Protagonisten artean, Guggenheim-eko Nerua jatetxeko sukaldariaren istorioa nabarmentzen da. Josean Alijak motorrarekin istripu larria izan zuen, koman egon zen hainbat hilabetez, eta esnatutakoan, usaimena eta dastamena galduta zituen. Bere ibilbide profesionala etetzear egon ondoren, istripuaren arrastoak nola gainditu zituen eta gaur egungo sukaldari ezaguna bihurtzeko lehiaz arituko da.

De Santimamiñe al Guggenheim gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.