Itxi

22:30ean

ETAk mehatxatutako euskal enpresarien egoeraz, gaurko '360º' saioan

EiTB

Leer en Castellano

Xabier Garcia Ramsden kazetariak gidatuko du '50 años de olvido' izeneko erreportajea ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 22:30ean.

Gaur gauean, '360º' saioak 50 años de olvido erreportajea eskainiko du, ETAk mehatxatutako euskal enpresariek bizi izan zuten egoeraren inguruko saioa. Erabaki oso gogorrak hartzera behartuta ("iraultza-zerga" ordaindu ala ez, Euskal Herritik alde egin edo ez), gizartearen, justiziaren eta Gobernuaren babesik jaso ez zutela azalduko dute. Xabier Garcia Ramsdenek gidatuko du saioa, eta ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 22:30ean.

Datorren ostiralean, azaroak 10, Memoriaren Egunean, terrorismoaren biktimek toki garrantzitsua izango dute, eta, besteak beste, 49 enpresari, enpresa-zuzendari eta merkatari omenduko dituzte. Datu aipagarri gehiago ere badaude: ETAk 52 enpresari bahitu zituen erreskate handiak eskatzeko, eta 10.000 enpresarik estortsio ekonomikoa jasan zuten "iraultza-zerga" izenaz ezagutu zenaren bitartez.

'360º' saioak Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaile ohia elkarrizketatu du esklusiban, enpresariek ETAri egindako ordainketen ikerketez galdetzeko.

Gainera, Xabier Garcia Ramsden istorio gogorrak bizi izan dituzten enpresariekin mintzatuko da. Horietako batek, Martin Ceballos enpresariak, ETAren bost atentatu jasan zituen, baina ez zuen inoiz bere jaioterria utzi, nahiz eta euskal gizartearen esker ona faltan bota izan.

Euskaditik alde egin ez zuten beste bi enpresari Miguel Lazpiur bergararra eta Jose Manuel Ayesa Nafarroako Enpresarien Konfederazioko presidente ohia izan ziren. Azken horrek 14 urtez izan zuen bizkartzaina, eta estortsioa jasan zuten 100 enpresariri baino gehiagori lagundu zien.

Beste batzuk hil egin zituzten. Patxi Arratibel enpresari tolosarra, esaterako, 1997an hil zuten . Susana Ezkurra alargunak ez zekien senarra mehatxatuta zegoela.

Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten Juan Manuel Garcia Cordero, eta enpresariei egin berri zaien omenaldia berandu etorri dela uste du haren semeak, Iñaki Garcia Aguirrezabalagak.

Nola jokatu zuen justiziak enpresari horiekin? Batzuk epaitu egin zituzten, ETAri ordaintzeagatik. Nafarroako Azkoyen enpresako bost kide defendatu zituen Eduardo Ruiz de Erenchun abokatuarekin mintzatuko dira gaiaz. Baltasar Garzonek eraman zuen kasua.

Informazio gehiago (2)