Itxi

22:30ean

Konstituzioa berritzeko beharra aztergai, gaurko '360º' saioan

EITB

Leer en Castellano

Africa Baeta kazetariak aurkeztutako 'España en entredicho (?)' erreportajeak 78ko Konstituzioak gaur eguneko Estatuaren beharrei erantzuten dien aztertuko du.

Espainiako Konstituzioa erreferendumean onartu zenetik 39 urte pasa dira. Testuak gaur eguneko lurralde-antolamendua zehaztu zuen eta asko dira modelo hori agortuta dagoela pentsatzen dutenak. Gaurko '360º' erreportaje saioak 1978ko Konstituzioa berrikustearen beharra aztertuko du. Izan ere, Kataluniako krisiaren ostean, PP eta PSOE alderdiek erreforma konstituzionala aurrera eramateko bidea ireki zuten. Hala ere, Mariano Rajoy presidenteak aitortu beri duenez, sozialistekin hartutako konpromisoa hitz egiteko besterik ez zen izan.

78ko Konstituzioaren erreforma beharrezkoa da? Nola egin beharko litzateke? Kataluniako gertakariek Estatuaren lurralde antolamendua zalantzan jarri dute?

Africa Baeta kazetaria Madrilera joango da galdera guzti hauen erantzunen bila. Horretarako, kultura eta hedabideen munduko izen handiekin egongo da, besteak beste: Juan Luis Cebrian, PRISA taldeko presidentea; Ana Pardo de Vera, Público egunkariaren presidentea; Javier Perez Royo, Zuzenbide Konstituzionalean katedraduna, eta Almudena Grandes, idazlea.

Zer gertatu da Konstituzioa onartu zuen kontsentsu politikoarekin? Euskadiren kasuan, erreforma batek euskal autogobernua mehatxatu dezake? Estatu konfederatu bat izango litzateke arazoaren konponbidea?

Gainera, 78ko erreferendumaren gakoak eta Konstituzioaren punturik garrantzitsuenak aztertzeko hainbat testigantza bilduko dituzte: Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Pako Letamendia Euskadiko Ezkerra alderdiko diputatu ohia, Miguel Castells abokatu eta Herri Batasuneko senatari ohia, eta Gregorio Monreal historialari eta Zuzenbide Konstituzionalean aditua.

'360º' saioak España en entredicho erreportajea eskainiko du gaur gauean, 22:30ean, ETB2n.

Informazio gehiago (2)