22:00etan
Hazparne, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n
EiTB
Lapurdiko herri honetako biztanleen istorioak ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Hazparnen izango dira gaur Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Hazparne Lapurdiko herririk zabalena da hedaduraz, eta, gazteen jitea hartuta, motoz iritsiko dira bertara.
Zuhaitzek Bittor ezagutuko du lehendabizi, Hazparneko Elizaberri auzoan bizi den laboraria. Bittorrek lotura estua du Hazparneko oihanarekin. Maite du oihana, eta maite du bertako arbolekin lan egitea. Hain ongi ulertzen ditu Bittorrek arbolak, ezen haien hasperenak ere entzuteko gai den. Bidean aurrera eginda, Jean Marie ezagutuko du Zuhaitzek. Ohitura zaharrak atxikitzearen aldeko jarrera irmoa du Jean Mariek. Dela behor haragia janda, dela garai bateko bestak ospatuta, Jean Mariek lehenagoko ohituren garrantzia azpimarratuko dio. Maitasun gaietarako tartea ere izango da saioan. Elisabeth hazpandarrak argi du: bikotekidearekin gustura bagaude, segi aitzina; bestela, fini. Zuhaitzek makina bat maitasun gomendio jasoko ditu Elisabethen partetik. Jacqueline eta Ramuntxoren bidez, berriz, istorio bitxi bat ezagutuko du. Danielle Mitterrandek, Frantziako Gobernuko presidente izandako François Mitterranden emazteak, Hazparnen erosten zituen txakurrak. Jacquelinek berak txakurren inguruko tratuak izan zituen Danielle Mitterrandekin berarekin.
Pagadik Gabriel ezagutuz hasiko du eguna. Gabrielek pottokak eta sasi-ardiak ditu inguruetako larreetan. Azken horiek zailak dira gobernatzen, izaera gogorrekoak baitira, eta Pagadik gobernatze lanetan lagunduko dio Gabrieli. Lortuko al dute bien artean sasi-ardiak gobernatzea? Hazparneko kaleetan barrena, Daniel ezagutuko du Pagadik. Danielek asko daki herriko historiaz; Pagadiri kontatuko dio duela hamarkada gutxira arte Hazparne zapatagintzari estuki lotutako herria izan zela. Iragan zapatagin horrek, gainera, eman zuen zapatagin ospetsurik ere; Martin Larralde, esaterako. Joseba Sarrionandiaren poema bat eta Ruper Ordorikaren zein Pantxoa eta Peioren kantuak inspiratu zituen. Gastronomiarako tarte txiki bat ere izango da igande honetan, Euskal Herriko pizzarik onenetakoak Hazparneko Xuriatea ostatuan egiten baitira. Filipek eta Haitemek lorpen bikainak izan dituzte Frantziako Estatuko pizza lehiaketetan. Pagadi bertako sukalderaino sartuko da pizza onak egiten ikasi eta, bide batez, bazterrak nahasteko asmoz. Bigarren Mundu Gerrak aztarna handia utzi zuen Hazparnen. Edouard hazpandarrak bere etxeak erresistentzia sasoian izandako garrantzia erakutsiko dio Pagadiri. Alemania naziaren aurkako erresistentziako kideak aterpetzen ziren bertan. Azkenik, bukatzeko, Etxeko Bob’s Beer garagardo lantegiaren barrenera sartuko da Pagadi. Hainbat garagardo mota botilaratzen dituzte bertan, eta bakoitzari etiketa berezi bat jartzen diote. Etiketaren eta garagardoen jatorria zein diren ikasiko du Pagadik.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.
TB1en.