Itxi

22:00etan

Araitz, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi'n

EiTB

Leer en Castellano

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi bizikleta banatan helduko dira Nafarroako herri txiki honetara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Araitzen (Nafarroa) izango dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi. Aspaldiko partez Aralarko mailopean kirol pixka bat eginda joango dira biak bertara. Bizikleta banatan jarrita iritsiko dira udalerrira.

Zuhaitzek Xabier ezagutuz hasiko du eguna. Araizko gasolindegian egiten du lan Xabierrek, eta lanak uzten dizkion tarteetan liburuak irakurtzea du gustuko. Dena, baina, ez da lasaitasuna Araizko gasolindegian. Hainbat ustekaberi egin behar izaten die aurre Xabierrek, eta Zuhaitz ustekabe horien lekuko izango da. Uztegi kontzejuan, berriz, Juan Jose ezagutuko du Zuhaitzek. Juan Josek 92 urte ditu, eta ondotxo daki zein den sasoiko egoteko sekretua: lo asko egin eta sendo gosaltzea. Marmelada, kafe, zuku eta ogitarteko artean, bere gosariko gorabeherak kontatuko dizkio Zuhaitzi. Uztegin bertan, Ramona ezagutuko du gero, 96 urteko emakumea. Ramonak astelehenero-astelehenero egiten die bisita bere bi nebei bazkaria prestatzeko, eta Zuhaitzi kontatuko dio nola hainbat tokitan bizitakoa den, Bilboko inguruetan eta Kanaria uharteetan, besteak beste. Onofreren historia bitxia ere ezagutuko du Zuhaitzek. Udalerriko bankaria izandakoa da Onofre, eta eraikin berean zituen lantokia eta bizitokia, bata bestearen azpian. Lantokia eta etxea ia bat izate horrek makina bat buruhauste ekarri dizkio. Azkenik, Florentina eta Haritz ezagutuko ditu, amona eta biloba. Haritzek fitness kirola egiten du amonaren etxean egokitutako gimnasioan. Florentinari ez zaio Haritzen estetika gehiegi gustatzen, baina beti agertzen da prest bilobari fitness munduan laguntzeko, maitasunagatik.

Pagadik, aldiz, Luis ezagututa hasiko du eguna. Luisek bi aldiz gosaltzen du egunero. 'Desayunoa' egiten du lehenik, eta 'gosaria' gero. Etxeko sukaldera sartuta bi otorduak nola egiten dituen jakingo du Pagadik. Ondoren, Santi ezagutuko du Pagadik, etxean putre disekatu bat jarrita duen araiztarra. Santik, tarteka, putrea garbitzeko ohitura du, eta horretan lagunduko dio Pagadik. Aneren eskutik, berriz, zaldiak ulertzeko trikimailuak ikasiko ditu Pagadik. Anek zaldiak ditu, eta haietako batekin ariketak egitea maite du. Anek dioenez, zaldiek ba omen dute G puntuaren antzeko zerbait mingainean, eta Pagadiri erakutsiko dio. Azkenik, Peio ezagutuko du, abarkekin ibiltzea ezinbestekoa duen artzaina. Peio kezkatuta dago, gero eta zailagoa zaiolako ganorazko abarkak topatzea. Urnietan erosi behar izaten ditu, eta 12 metro inguruko kordela erosten du horretarako. Petril baten gainean eserita, abarkak ahalik eta ondoen jartzeko teknika erakutsiko dio Pagadiri. Ez ote da Pagadi kordelarekin nahastuko.

Historia hauek eta beste asko izango dira ikusgai gaur gauean, 22:00etan hasita, ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

g>.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)